Haurrentzako Literatura Lehiaketa 29. aldiz egingo da aurten. Euskaraz zein gazteleraz aurkeztu ahalko dituzte lanak gaztetxoek; nahi dutenari buruz idatzi ahalko dute, gaia librea baita.
Adinaren arabera hiru kategoria bereizi dituzte antolatzaileek: 2007. urtean edo geroago jaio direnek A delakoa osatuko dute; 2004 eta 2006 artean jaio ziren neska-mutilak Bn egongo dira, eta 2001etik 2003ra bitartean jaiotakoak Cn. A eta B kategorietako gaztetxoek ipuin sailean aurkeztuko dituzte lanak; Ckoek aukera bat baino gehiago edukiko dute: ipuinak edo poemak.
Ipuinek hiru orrikoak izan beharko dute, gutxienez. Poemek berriz, 60 bertso-lerrokoak. Ipuinen kategoriarako hiru sari ezarri dituzte antolatzaileek: 1goak 150 euro irabaziko ditu –75 dirutan eta beste 75 liburuentzako bonu gisa–: 2.ak 112 –56 eta 56–, eta 76 –38 eta 38– hirugarrenak. Poemenerako, bakarra: 1go saridunak 150 euro poltsikoratuko ditu; erdiak dirutan eta beste erdiak liburuak erosteko bonu gisa.
Helduen 30. edizioa
Haurren lehiaketarenekin batera, helduen 30. edizioaren oinarriak finkatu dituzte antolatzaileek. Lanak euskaraz zein gazteleraz aurkeztu ahalko dituzte parte hartzaileek; gaia librea izango da haientzat ere. Dena den, baldintza pare bat gehiago ere bete beharko dituzte: argitaratu gabeak eta originalak izan beharko dute idazlanek, eta beste lehiaketaren batera aurkeztu gabeak.
Poesia eta mikrokontakizunak dira helduen lehiaketako bi modalitateak. Poesien metrika eta luzera librea izango da; mikrokontakizunak, 1.500 karakterekoak, gehien jota.
Sariak espezialitateka banatu dituzte antolatzaileek. Poesiak idazten dituztenek honako sariak irabazi ahalko dituzte: euskaraz idatziak izan badira, 650 euro eta diploma –1go saria egongo da soilik–; kopuru bera patrikaratuko du gaztelerazko 1go saria irabazten duenak. Mikrokontakizunen espezialitatekoek, euskaraz zein gaztelaniaz, 325 euro eta diploma irabaziko dituzte –1go sariak daude soilik–.
Haurrenean ez bezala, helduen kategorian 'Lasarte-Oria' sariak ere badaude: herrian erroldatutako idazleek irabazi ahalko dituzte horiek. Bi espezialitateko bakoitzean emango dute sario hori antolatzaileek, euskaraz zein gaztelaniaz. Diru kopurua arestian aipatutakoen berbera izango da: 650 poesien kasuan, eta 325 mikrokontakizunenean.
Sariak, azaroaren 19an
Lehiaketetara aurkeztutako lanak irakurri eta baloratu ostean, sariak banatzeko ordua iritsiko da. Azaroaren 19an egingo dute ekitaldia, Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan.