Oria ibaiaren saneamenduak segida behar du, Eguzkiren ustez

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 31

Eguzki talde ekologistak adierazi du Lasarte-Oriako eta Usurbilgo hodi biltzaile berria martxan jarri izana albiste ona dela. Hala ere, aurretik egiteko asko dagoela ohartarazi dute.

Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur zikinak Loiolako araztegira eramango dituen hodi biltzailea martxan da dagoeneko. Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, egin beharreko inbertsioa zen. Izan ere, gogoratu dute orain arte bi herrietako urak zuzenean Oria ibaian isurtzen zirela.

Lanean jarraitu beharra

Intertzeptorea lanean egotea garrantzitsua izan arren, "zuzenean inolako tratamendurik gabeko ur beltzak" ibaian isurtzen jarraituko dituztela ohartarazi dute. Urtarrilean onartutako plan hidrologikoak egiteko dauden hamaika proiektu zerrendatu zituen. Esate baterako, Ziako eta Anoetako errekak, Altzaga eta Arama, Altzo Muño, Hernialde, Orendain, Baliarrain, Gabiria eta Mutiloa.

Andoaingo Ziako errekaren kasua aipatu dute adibide gisa. Industrialdetako ur zikinak biltzen ditu oraindik ere, eta erakundeek 5 milioiko aurrekontua onartu dute isuriaren saneamendurako. Lehenengo milioia 2016 eta 2021 urteen bitartean inbertituko dute, eta dagoenekoa 2027a iritsi aurretik. Beraz, Eguzkik nabarmendu duenez, "beste hamarkada batez behintzat jarraituko dute ur zikinak Orian isurtzen".

Atzerapena 

Atzerapen handia egon dela azpimarratu du talde ekologistak. Diotenez, "Europako Saneamendu Zuzentarauaren arabera, 2000. urterako Orian ur zikinak botatzeari utzi" behar zioten inguruko etxebizitzek. Lanak 2009ko azaroan hasi ziren, eta sei urte baino gehiago behar izan dituzte sistema berria martxan jarri ahal izateko.

Proiektu txikiagoen garrantzia

Lasarte-Oriako hodi biltzailearen edota Aramako araztegiaren lanak “ezinbestekoak” diren arren, saneamendu proiektu xumeagoek duten garrantzia azpimarratu dute.

Eguzkiren ustez, martxan dauden azpiegitura batzuk berritu beharko dira etorkizun hurbilean.
Loiolako araztegia jarri dute adibide, hasieratik “makal” dabilela baitiote.

“Aurrekontuek ahalbidetzen duten ahala” saneamenduarekin jarraituko dutela azaldu dute, erakundeentzat ez baitira proiektu “estrategikoak”.

Eguzkik aldarrikatu du ibaien garbiketarekin zerikusia duten lanak “ezinbestekoak” izan beharko liratekeela erakundeentzat ere.