Haur guztiek jolaserako guneak behar dituztela azpimarratu dute EAJko Estitxu Alkortak eta Jon Antxordokik. Horretarako, ezberdintasunek ez lukete “oztopo” izan behar.
EAJren proposamena
Gaur egun Lasarte-Orian ditugun jolasguneek ez dituzte betetzen haur ezinduek segurtasunez jolas dezaten beharrezkoak diren segurtasun neurriak.
Halaber, EAJko ordezkarien ustez, ez dago ez araurik ez irizpiderik gune hauen irisgarritasuna bermatuko dituenik.
Hori dela eta, hiru puntu nagusi aurkeztuko dituzte apirilaren 12an egingo duten ohiko Udalbatzarrean.
Lehenik herriko jolastokiak eraikitzeko orduan “irizpideak” adosteko eskatuko dute.
Egungo jolaslekuren bat edo gehiago egokitzeko aukera ere aztertuko dute.
Azkenik, 2016ko aurrekontuetan bi eskaera horiek kontuan hartzearen aldeko botoa emango du EAJk.
Arrazoiak
Arlo honetan hobekuntzak ezartzea beharrezkoa ikusten dute. “Erakundeek eta gizarteak duten erronka” da ezinduentzako irisgarritasuna hobetzea.
“Ume guztiek elkarrekin jolastuko duten espazio inklusiboak sortzeko” helburua dutela azpimarratu du Alkortak.
Gainera, aldarrikapen honekin, “kontzientziazioa” bultzatu nahi dute EAJko kideek. Izan ere, neurriak hartzeko orduan gizatalde hauen iritzia kontuan hartzea garrantzitsua dela nabarmendu dute.
Besteak beste, haur hauen gurasoekin hitz egin beharko litzatekeela uste du Alkortak, “haiek ezagutzen baitituzte seme-alaben beharrak”.