Apirila, kultur ekitaldiz gainezka

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 30a

Denetariko osagaiak ditu apirileko kultur menuak: musika, dantza, zinema, antzerkia, argazki-erakusketa bat eta baita liburu baten aurkezpena ere. Herritarrek hainbat ekitaldi edukiko dituzte aukeran: besteak beste, datorren asteko ostegunean hasiko den IV. Musika Astea, Ludi Cuestaren 'Solo una voz' liburuaren aurkezpena hilaren 22an edota Dantza Topaketak 29an, Kukukaren eskutik.

Aste Santuko oporraldiaren ostean, emanaldi eta ekitaldiz lepo dator apirileko kultur agenda. Haur zein helduentzako filmek irekiko dute egitaraua, asteburu honetan. Ostiral gauean 'Carol' pelikulaz gozatu ahalko dute herritarrek, kultur etxean; Okendo Zinema Taldeak antolatu du emanaldia. 'Robot' luzemetraia ikusiko dute hainbat gaztetxok igande arratsaldeko bostetan; ondoren, 19:30ean, helduei zuzendutako emanaldia hasiko da: 'Ave Cesar' pelikula proiektatuko dute -azken hori larunbat arratsaldean ere emango dute, 20:00etan. Sarrera denek 5,50 euro balio dituzte, haurren emanaldikoak izan ezik; 3,80 euro balio ditu azken horrek.

Datorren astean musika izango da protagonista nagusia. Apirilaren 7an, ostegunez, hasiko da IV. Musika Astea, 'Eunate XXI' emanaldiarekin. Donejakue bidean girotutako piezak interpretatuko dituzte Josetxo Goia Aribe eta Ana Belen Garciak, kultur etxeko auditorioan. 20:00etan hasiko da kontzertua; doakoa da sarrera. Ostiralean Serafin Zubiri artista nafarrak 'X una causa justa' lana oholtzaratuko du, areto eta ordu berean. 5,50 euro balio dute sarrerek. Larunbatean 'La Tabernera del Puerto' zarzuela edukiko dute ikusgai lasarteoriatarrek, 12 euroren truke, kultur etxeko auditorioan. 20:00etan hasiko da emanaldia. Azkenik, igandean, Amaren Alabak talde zuberoarra igoko da auditorioko oholtzara, 12:30ean. Doakoa izango da ikuskizuna.

'Solo una voz'

Horrela du izena Ludi Cuesta herritarrak idatzi duen poema-liburuak. Salamancakoa da jaiotzez, baina urte mordoa daramatza Lasarte-Orian bizitzen. 'Lan eta lan' antzerki taldeko kidea da, eta 'Makelu' interpretazio taldekoa ere bai. Hilaren 22an, ostiralez, aurkeztuko du 'Solo una voz', kultur etxeko hitzaldi aretoan; 19:30ean hasiko da ekitaldia.

Dantza topaketak Okendon

Dantzaren nazioarteko eguna izango da hilaren 29a. Horren harira, topaketa batzuk ari da prestatzen Kukuka taldea. 

Xabier Goitia kultur teknikariak aurreratu zuenez, emanaldi sorta bat eskainiko dute hainbat dantza taldek Okendo plazan arratsaldeko zazpietatik aurrera, esan bezala, apirilaren 29an, ostiralez.

Zinema eta antzerkia

Haur eta helduentzako pelikula eta antzerki emanaldiak ere sartu ditu Kultur batzordeak apirileko agendan.

Helduen igandeko emanaldian 'Deadpool' proiektatuko dute, 19:30ean. Horren aurretik, gaztetxoek 'Menudos heroes' luzemetraiaz gozatu ahalko dute, 17:00etan.
Hurrengo asteetan 'Spotlight', 'Cien años de perdon' edota 'Kung Fu Panda' filmak emango dituzte, besteak beste.

Antzerkiari dagokionean, Malas Compañias taldeak 'Letter; eskutitz baten bidaia' eskainiko du, 30ean, kultur etxean, 17:00etatik aurrera.

Argazki erakusketa Antonio Mercero gunean

Ttakun Kultur elkarteko Aisia sailak antolatutako 'Euskaraz jolastu eta herrira piztu!' erakusketak datorren astelehenean irekiko ditu ateak, Antonio Mercero erakusketa gelan. Apirilaren 24ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara bitarte. Elkarteak aisia arloan 25 urte hauetan Lasarte-Orian egindako lanaren garapena aurkeztuko du, irudien bidez.