Ikaskuntzarako bitartekaritza zerbitzua erabilgarri Usurbilgo Lanbide Eskolan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 30a

Buruntzaldea eskualdean ikaskuntzarako bitartekaritza zerbitzu bat erabiltzeko interesa dutenek, Usurbilgo Lanbide eskolan dute aukera. Gai horri lotutako hainbat alorren inguruan orientazioa eta aholkularitza jasoko dute erabiltzaileek.

Aipatutako zerbitzu hori Eusko Jaurlaritzak sortutako sare batekoa da: "Etengabeko prestakuntza EAEko hiritarrengan sustatzea eta bultzatzea ditu helburu", azpimarratu dute antolatzaileek.

Usurbilgo Lanbide Eskolako ikaskuntza bitartekaria Olatz Lazkano Portu da. Hainbat bide daude harekin harremanetan jartzeko: bitartekaritza-mediacion@lhusurbil.eus helbide elektronikora idatzi daiteke, 943 36 46 00 telefonora deitu edo bestela eskolara bertara joan -Etarte Bidea 9, Bº de Zubieta, Usurbil da helbidea-.

Aholkularitza eta orientazioa

Usurbilgo Lanbide Eskolan eskura dagoen zerbitzuak aholkularitza eta orientazioa eskaintzen ditu hainbat alorretan: gaur-gaurko eta etorkizuneko prestakuntza interesen aztertzean, adieraztean eta zehaztean; norberaren etengabeko prestakuntza ibilbidearen plana egitean; prestakuntzako nahi eta beharrei erantzuna emango dien informazioa bilatzean; banakako arretan -aurrez aurre, telefonoz edo/eta sarean; eta etengabeko ikaskuntzarako prestakuntza eskaintzan.