Hirugarren postuan ekin zion Ohorezko Erregional taldeak bigarren itzuliari: 32 puntu zakuratuta, maila mantentzea baino erronka potoloagoak zituzten buruan Mikel Medina eta Gabi Sanchezen jokalariek. Ilusioz puztutako globoa zulatu egin zen, ordea: lau partida jarraian galdu zituen Ostadarrek, eta igoera zuzenagatik borrokatzeko aukerarik gabe geratu.
Bolada txarra eten, eta indarra hartu du berriro taldeak azkeneko jardunaldietan: Michelinen jokatu dituzten azken hiru neurketak irabazi dituzte, eta Tolosaren zelaian lortutako berdinketak hauspotu egin ditu urdin-beltzak. 43 puntu dituzte orain, eta bosgarren postuan daude, Aloña Mendi eta Hernanirekin berdinduta. Sasoia ahalik eta postu onenean amaitzea dute xede erregionalek.
Hobe horrelako porrot bat, gol bategatiko bost baino
Bolada ezin hobean ziren emakumezko erregionalak, pasa den asteburuko partiduaren aurretik. Bost partidu zeramatzaten irabazita jarraian; seigarrenaren bila zelairatu ziren. Arerio gogorra izan zuten aurrean: Ordizia. Goierriko taldea jaun eta jabe izan zen, norgehiagoka hasi eta buka: 1-6 irabazita, hiru puntuak poltsikoratu zituen, eta sailkapeneko hirugarren postua eskuratu. Bosgarrena da Ostadar, hemeretzi punturekin. Igoera fase bikaina ari dira burutzen Julen Ormazabal eta Iker Aretxek zuzendutako jokalariak. Fase horretan egotea jada bada nahikoa meritu.
Topikoz josita dago futbola. Hori ezin uka daiteke; horietako hainbat egia direla ere ez. Entrenatzaile askok esan ohi dute nahiago izaten dutela bost partidu 1-0 irabazi, bakarrean 5-0 nagusitu baino. Porroten kasura ere eraman daiteke esaldia: hobe da partidu bakarra galdu, 1-6 bada ere, gol bakarreko aldeagatiko bost porrot biltzea baino.
Txapelketa berbera, norabide desberdinak
Kopan ari dira lehian Ostadar eta Texas Lasartearra, 1go Erregional mailan Lasarte-Oria ordezkatzen duten bi taldeak. Txapelketa berean ez ezik, multzo berdinean -bigarrenean- ari dira lehian bi taldeak. Norabidea, ordea, desberdina da: hirugarren postuan dago Ostadar, 20 punturekin; erdiak bildu ditu Texasek orain arte, eta zazpigarrena da sailkapenean.
Dinamikek eta boladek, ordea, ez dute askorako balio izaten derbietan. Aurreneko itzulikoa Texasek irabazi zuen, 4-3, partidu ero eta emozioz jositako batean. Oporretatik bueltan jokatuko dute itzulikoa, apirileko bigarren asteburuan. Ostadarrek arantzatxoa atera nahiko du; Texasek, berriz, goiko taldeekiko aldea murriztu eta aurtengo bi derbiak irabazi.
"Bolada onari lehenago ekin izan baliote..."
Garaipenak bata bestearen atzetik pilatzen ari da Jubenilen Ohorezko mailako taldea azkeneko jardunaldietan. Denboraldiari ez zioten ongi ekin, puntu asko utzi zituzten bidean, eta prismatikoekin begiratzen zituzten sailkapeneko aurreneko postuak. Tortilari buelta eman diote ordea, eta bigarren itzuli bikaina burutzen ari da Javi Solchaga eta Ibai Etxaideren taldea. Seigarren postuan daude orain, 39 punturekin. "Bolada onari jardunaldi batzuk lehenago ekin izan baliote, desberdina litzateke egoera". Hori da zale askok taldeari buruz pentsatzen dutena: erreakzioa iritsi da, baina goi-goiko postuetara iritsi ahal izateko beranduegi, seguru asko. Sei jardunaldi dituzte jokatzeke urdin-beltzek, eta jokoan dauden hemezortzi puntuak bilduta ere zail edukiko lukete aurreneko bi postuetara iristeko. Dena den, alde positiboarekin geratu behar: egoera iraultzeko gai izan da taldea, kalitate askoko futbola erakutsiz, gainera.
Jubenilen 1go mailan ere badu taldea Ostadarrek. Ederki ari dira, igoera fasera sailkatzea lortu baitute. Hamabi jardunaldi jokatu dituzte jada, eta hamazazpi puntu bildu. Ivan Manzanok zuzentzen dituen jokalariek kategoria berriari neurria hartzeko eta ikasteko baliatuko dute denboraldi hau.
Trantsizio denboraldia
Kadeteen Euskal Ligan hiru urtez aritu ostean, iaz itzuli zen Ostadar Ohorezko mailara. Jaitsi berriak diren talde denak hartu ohi dira berriro ere igotzeko faborito gisa, baina erronka hori ez da inolaz ere erraza. Espero baino arazo gehiago izaten ari da aurten talde urdin-beltza. Puntuak pilatzeko arazo askorekin ekin zioten sasoiari, eta sailkapeneko zuloan sartu ziren, ondorioz: asko ari zaie kostatzen bertatik ateratzea. Hamaikagarren postuan daude orain, 24 punturekin.
Kopan ari da lehian kadeteen 1go mailako taldea. Nahiko martxa irregularra darama: partidu batzuk aise irabazten ditu, baina beste batzuk alde askogatik galdu. Zazpi taldek osatzen dute multzoa; laugarren tokian dago Ostadar, hamahiru puntu bilduta.
Txapeldunen multzoan lehian
Infantilen Ohorezko mailako taldea denboraldi aparta ari da egiten. Liga erregularrean ederki aritu zen, eta txapeldunen fasean lehiatzera sailkatu ere bai. Zazpi partidu jokatu dituzte: bi irabazi dituzte, bat berdindu eta lau galdu. Kategoria horietan ikastea eta jokalari gisa formatzea dira helburu nagusiak: onenekin lehiatu bitartean egin badaiteke, askoz hobe.
Infantil txikiak eta alebinak ere ari dira baloiari ostikoka, futbolaz gozatzen. Hori baita, finean, garrantzitsuena.