Bi astez hartuko dute atseden Ostadar SKTko saskibaloi taldeek. Gustura joango dira oporretara, etxerako lanak ongi eginda. Euren ligetako bigarren faseetan murgilduta daude 3. probintzialeko senior gizonezkoak, Errendimenduko kadete neskak eta Partizipazioko junior eta kadete neskak; Euskal Ligan mantentzeko lehian ari da junior nesken lehenengo taldea.
Multzoko lidertza eskuratu dute Partizipazioko kadeteek. Hamaika partidu jokatu dituzten bigarren fasean: hamar irabazi dituzte, eta bakarra galdu. Iragan asteburuan zakuratu zuten hamargarren garaipena, Udal Kiroldegian: 35-27 hartu zuten mendean Bera Bera Zurriola. Taldeko jokalariak aurten hasi dira Ostadarren jokatzen, eta fase honetan erakusten ari dira dagoeneko hartu diotela neurria kategoriari.
Euskal Ligako juniorren porrota
Indar betean ekin zioten juniorrek 2016/17an Euskal Ligan jokatzen segitzeko erronkari. Lehenengo lau norgehiagokak irabazi zituzten segidan. Sei jardunaldi jokatuta, bost garaipen eta porrot bakarra zeramatzaten.
Zortzi jokatu dituzte dagoeneko, eta garaipenen/porroten balantzeak oso ona izaten segitzen duen arren –bost garaipen eta hiru porrot–, bi norgehiagoka galdu dituzte jarraian Ander Otaegik zuzendutako jokalariek. Azkena, Getxo SB talde bizkaitarraren kontra, 48-44. Dena den, maila mantentzea dute helburu urdin-beltzek, eta, momentuz, helburua aise eskuratzeko bidean dira.
Partizipazio juniorrak, igotzeko lehian
Hamalautik hamalau partidu irabazi zituen Endika Marrahik zuzendutako taldeak lehenengo fasean. Errendimendu mailara igotzeko fasean murgilduta daude orain: Lau norgehiagoka irabazi dituzte, eta bi galdu. Sei taldek osatzen dute multzoa; hirugarren postuan daude herritarrak. Summa Aldapeta izan da urdin-beltzen azken biktima: 37-53 irabazi zuen Ostadarrek asteburuan.
Errendimenduko kadeteak ere bigarren fasea ari dira jokatzen. Primerakoa da euren balantzea: sei garaipen eta bi porrotekoa. Udal Kiroldegian neurtu zituen indarrak herenegun, Arri BKLren aurka, Udal Kiroldegian. Etxean geratu ziren puntuak: 51-30 irabazi zuten urdin-beltzek.
Erregulartasuna, azkenean
Badirudi senior gizonezkoen 3. Probintzial mailako taldeak topatu duela erregulartasuna, azkenean. Kalitaterik ez zaie falta Borja Franganilloren jokalariei, baina orain arte ez dira gai izan asteburuz asteburu garaipenak kateatzeko.
Bigarren fasean ari dira orain lehian, beste hamahiru talderekin. Multzoko hirugarren onena da Ostadar, zortzi partidu irabazi eta bi galduta. Aise gainditu zuen Mutriku, asteburuan: 51-83koa izan zen markagailua, partidua bukatutakoan.
Ostadarreko taldeen balantzea bezain ona izan da azken jardunaldiarena: jokatutako bost partiduetatik lau irabazi dituzte kategoria desberdinetako taldeek, eta bakarra galdu. Bi astez atseden hartuko dute orain, pilak kargatu eta denboraldiaren azken txanpari hutsarterik eskatu behar ez izateko.