Lehenengo itzuliko arantzatxoa aterata –Durango izan da Babyauto Zarautz mendean hartu duen talde bakarra aurtengo sasoian, oraingoz–, Ohorezko B mailako iparraldeko multzoko txapela jantzi du Babyauto Zarautzek, liga erregularra amaitzeko bi norgehiagoka falta direla. Fran Puertasen jokalariek 22-10 irabazi zieten bizkaitarrei larunbatean, Zarauzko Asti zelaian; hasierako hamabostekoan egon ziren Ander eta Xabier Rekondo anaiak.
14 urtez azpikoak, finaletik at
Ezin izan zuten Gipuzkoako txapelketako finalera sailkatu 14 urtez azpiko Lavie-ZRT Beltzakeko gaztetxoek. Hobeto ekin zioten norgehiagokari eta markagailuan agintzen hasi ere bai, baina tortilari buelta eman zion La Unica RTk bigarren zatian, eta garaipena eskuratu zuen azkenean: 29-12. Finala jokatuko ez duten arren, denboraldi bikaina burutu du Beltzak taldeak. Oraindik ez du sasoia bukatu: hirugarren postua eskuratzeko lehian ariko da, La Riojaren kontra.
Asteburuko emaitzak
Michelinen jokatu zuen Seniorren Euskal Ligako Lavie ZRT-Beltzakek. Alde polita lortu zuen markagailuan, 15-5, baina ezin izan zuen mantendu eta Bera Berak eraman zituen puntuak azkenean: 15-17. Partidua jokatzeko hamabost jokalari besterik ez zituzten etxekoek, eta nabaritu zuten nekea azkeneko minutuetan. Beñat Arroyo, Julen Aristorena, Xabier Prieto, Andoni Amonarriz eta David Vega herritarrak aritu ziren norgehiagoka horretan.
16 urtez azpiko Gure Etxea Beltzakek, berriz, garaipen argia eskuratu zuen Gaztediren kontra, Astin: 35-7.