2016a, Euskararen urtea Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 20a

2016 urtea euskalgintzarekin zer ikusia duten hainbat erakunde edo talderen urteurren urtea dugu. Landaberri ikastola, Udal euskaltegia eta Muntteri AEK edo Ttakun Kultur elkartea, besteak bete, dira horietako batzuk. Urtarrilaren 26an, hauek guztiak eta beste eragile batzuk Udaleko Euskara Zerbitzuarekin bildu ziren guztiok batera 2016 urteari forma emateko.

Landaberri ikastolaren 50. urteurrena, Muntteri AEK euskaltegiaren urteurrena, Udal euskaltegiaren 30. urteurrena, Euskararen Maratoiaren 30. urteurrena, Ttakun kultur elkartearen 25. urteurrena, Bertso eskolaren 25. urteurrena, Xumelaren 10. urteurrena... gure hizkuntzarekin eta honen garapenarekin lotura estua duten urteurren ugari ditugu aurten. Hori dela eta, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatuta hainbat eragilerekin bilera egin zen urtarrila amaieran.

Honetan, Lasarte-Oriako euskalgintzak 50. urteurrena elkarrekin ospatzea merezi zuela eta horretarako gune aproposena Euskararen IX. Maratoia dela adostu zen. 
Ttakun eta Udala dagoeneko lanean hasi dira lau urtean behin egiten den euskararen festa handia prestatzen. Lehen pausoak ematen ari dira data zehaztu, leloa eta irudia aukeratu...  ez digute ezer zehaztu nahi izan, baina zerbait ziurra dute ezusteko ugari egongo direla.

Beste egitarauak

Bileraren ostean, erakundeen esku geratzen zen haien kabuz urteurrenak ospatu ahal izatea. Gauzak honela, Ttakun Kultur elkarteak, Bertso eskolak, Landaberri ikastolak eta Xumela koruak egitarau berezia egingo dute haien urteurrenak kalera ateratzeko.

Batzuk dagoeneko ospakizunekin hasiak dira. Xumela koruak 2015-2016 ikasturtean zehar ari da ekintza ezberdinak burutzen. ‘Koka- Kola eta barea’ antzerki musikala, Errigorako lagunei Ablitasera bisita edo ‘Ez gara Palestinaz ari’ bertso emanaldi berezia... izan dira oraingoz.

Ttakun Kultur elkarteak apirila amaieran hasi eta urte amaiera artea luzatuko ditu bere 25. urteurreneko ekintzak. Euskara eta herriko euskalgintzarekin zer ikusia duten hitzaldiak, erakusketak, mahai inguruak... antolatuko ditu elkarteak.

Bertso eskolako kideek lau ekintzako egitaraua antolatu dute apirilean 21etik 24ra.

Horien artean, Lasarte-Oria eta Gabiriaren arteko Bertsotruk desafioa edo bertso eskolako kide eta kide-ohien bazkaria dago.

Landaberri ikastolako lagunek ere urrezko urtemuga antolatzeko batzorde berezia egin dute. Herritarren proposamenak bildu dituzte eta egitaraua lantzen ari dira.

Transmisioa

Honetaz gain, Euskara Batzordeak aipatu duenez, urte berezi honen helburuetako bat ere euskararen egoerari eta honen etorkizunari buruzko hausnarketa bidera dezakeen tresnak sortzea izango da.