Antzerkirako zaletasuna bultzatuz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mar. 20a, 13:00

Lasarte-Oriako Kukuka Antzerki eta dantza eskolak martxoaren 27an den antzerki eguneko ospakizunak aurreratu zituen. Haur eta helduek egun osoan antzerkiaz gozatzeko aukera izan zuten eskolak antolatutako I. Antzerki Topaketei esker. Antzerki tailerra eta hainbat emanaldi izan ziren herrian.

Klowna, ipuinetako edo zirkuko pertsonaiak, itsua, raperoa, animalia... antzezleak milaka aurpegi izan ditzake eta milaka abentura bizi ditzake. Honi esker, ikusleak ere “bizitza” hauetaz guztiez gozatzeko aukera du. Martxoaren 27an antzerki eguna ospatuko da munduan zehar, Kukuka antzerki eta eskolako lagunek aurten egun berezi hori herrian ezagutzera eman nahi dute.

Horretarako, egun batzuk aurreratuz atzo egun osoko jaia eta antzerki egitarau zabala izan zen herrian. Harrera ederra izan zuen ekimena eta herrian antzerki zale harrobia dagoela argi geratu zen.

Tailerra

Sasoeta ikastetxeko gimnasioan hasi zen Topaketa.

Bertan haur eta helduek antzerki lotsa alde batera utzi eta tailerraz gozatu zuten.

Lau talde ezberdinetan banatuta, joko edo mimika bidez, pertsonaia ezberdinak izateko aukera izan zuten eta hainbat abentura bizi zituzten.

Antzerki maratoia

Antzerkiaz gozatzeko aukera ere izan zen larunbatean. Lehenak haurrak izan ziren.

Patata tropikal antzerki taldearen eskutik, 'Kondaira baten truke' antzerkia ikusi zuten Manuel Lekuona kultur etxean.

Haurrek adi jarraitu zituzten naturaren legeak, elkar banatzearen garrantzia eta errespetua jorratzen dituen antzerki koloretsua.

Ostean, helduen txanda iritsi zen, antzerki maratoiaren eskutik. Hala ere, haur eta gaztetxoak ere animatu ziren eta tabernaz taberna ibili ziren. Batetik bestera gainera Ttirriki Ttarraka eskolako lagunen laguntza izan zuten eta erdialdeko kaleak ere girotu zituzten.

Abenden, Andoaingo Katramila antzerki taldearen eta Kukuka antzerki eta dantza eskolaren emanaldia izan zen; Furia Beltzan, Telmo eta Haritzen bikarrizketa entzun ahal izan zen; Elurtzan, Amaia Irazabalen 'Eltxoak' lana ikusi zen eta azkenik Jalgin Bea Egizabal herritarrak 'Baibo' ipuin saioa eta Anduriña eta Txefok 'Flamenkito' antzerkia eskaini zuten.

Topaketako argazki eta bideo batzuk galerian ikusgai.