Omenaldi hunkigarria egin zioten ostiral goizean Landaberri-Garaikoetxeako lankide eta ikasleek.
Sorpresa atsegina hartu du Maria Doloresek jolastokia haurrez josia ikusi duenean. Dantzari batek aurreskua dantzatu dio, urte askotan lankide izan duen Jon Lasaren musikaz lagunduta.
Argazki zahar eta berriez osatutako albuma oparitu diote oroigarri gisa. Azaldu duenez, askotan berrikusiko du, “ilusio handia” egin baitio.
Haur hezkuntzan mende erdia igaro ostean, “zaila” egingo zaio irakaskuntzatik aparte geratzea. Hala ere, aitortu du “jaialdi eta ospakizunetan laguntzeko prest” dagoela. Esaterako, urte askotan bera izan da haurren tamborradako zuzendari.
Ibilbide luzea
Andre Joakina Enean bizi zen eta 14 urtekin hasi zen laguntzaile, ikastolaren sorrerarekin batera. Hiru urte beranduago eman zioten bere lehenengo taldea.
Ordutik gaur arte Landaberri ikastolak eman dituen urrats guztiak ezagutu ditu. Eskola ‘berrietan’, Uistin baserrian, egungo Hipodromo ondoko eraikinean edota Garaikoetxean aritu da, besteak beste.
Ikastolako bere garaiko irakasle asko bezala titulu gabe hasi zen lanean. Bergarako UNED-era joaten ziren ostiraletan magisteritza ikastera.
Belaunaldi askoren irakasle
Talde asko izan ditu bere gain Iturbek. Gogoan duenez, “hasieran ugariagoak ziren”. Bere lehenengo gelak, esaterako, 38 ikasle zituen.
60ko hamarkadatik gaur arte, Landaberri ikastolatik pasatako belaunaldi lasarteoriatar guztiak ezagutu ditu. Guraso eta seme-alaba ugariren andereño izatea ere egokitu zaio.
Landaberrik 50. urteurrena ospatuko du 2016 honetan, eta Maria Dolores Iturbe antolakuntza lanetan dabil. Izan ere, ikastolaren ibilbide osoa bizi izan du. Orain, berriz, atseden hartuko du, nahiz eta seguru aski behin baino gehiagotan gerturatuko den Garaikoetxeara, lankide eta ikasle ohiak agurtzera.