Korrikalari arrunta, popularra” dela dio Gorka Mateok. Egun oso bat irautera irits daitezkeen mendi maratoiak egiten dituen lasterkaria. Martxoaren 4an, ostiralez ekin zion Cadizeko 'La Sierra del Bandolero' ultratrailari Mateok, arratsaldeko seietan. Handik 24 ordu eta 44 minutura helmugaratu zen, 22. postuan. Printzipioz, “bukatzea” zuen xede. 500 pertsona inguru aritu ziren. 5.000 metrokoa izan zen desnibel positiboa.
Gisa horretako lasterketak Rafa Cabanillas lagunarekin batera egin ohi ditu. Cadizen ere batera irten ziren, baina 50. kilometroan bakarrik geratu zen Mateo, lagunak erretiratu egin behar izan baitzuen, lesio bat tarteko. “Esperientzia ona izan zen Cadizekoa, eta berria ere bai: kilometro asko egin nituen bakarrik”. Luzera horretako proba bati ekiterakoan, aspektu fisiko eta psikologikoek pisu bera dutela uste du: “Gutxi gorabehera, %50eko garrantzia du alor bakoitzak. Gorputzak erantzuten ez badu jai daukazu, hori argi dago, baina azkeneko kilometroetan motibazioak eta bukatzeko gogoek ematen dizute erregaia, proba osatzeko indar osagarri hori”.
Baldintza klimatologikoak "onak" izan ziren, herritarrak dioenez. Oroitzen du euri apur bat egin zuela gauean. "Andaluziarrak ziren lasterkari asko, eta batek baino gehiagok komentatzen zuen eguraldi txarra egin zuela. Orduan nik esan nien: 'Euskal Herrira etorriko bazinete, ezagutuko zenukete eguraldi txarra!'. Oro har, ona izan zen eguraldia maratoian zehar".
Prestaketa, azarotik
Aurreko urteko azaroan ekin zion Mateok Cadizeko ultratraila prestatzeari. Astero-astero ehun bat kilometro pilatu ditu zangoetan: “Egun batean irten eta hogei kilometroko saioa egiten badut, ongi; gainontzekoetan iritsiko naiz nik aurreikusitako kopurura”.
Herritarra Mungian bizi da orain, eta bertan egiten du lan. Entrenatu ere bai, noski. Sollube mendian aritu ohi da, gora eta behera; desnibel positiboa duten guneetan aritzen da. Aldatzea gustatzen zaio, dena den: Andatza, Adarra eta Aizkorrin ere ibili ohi da, gabonetako oporraldian herrira bueltatzen denean. Asfaltoan ere burutzen ditu korrikaldiak.
Mont Blanc-era abuztuan
Beste mendi batean ariko da Mateo abuztuan. Ez nolanahiko batean: Mont Blancen. Frantzia, Italia eta Suitza igarotzen ditu probak: 166 kilometro ditu; 2.300 lasterkari inguru ariko dira, mundu osotik etorritakoak. Preziatuak dira oso dortsalak; lasarteoriatarrak izango dira horietako biren jabeak: Gorka Mateo bera eta Javi Olazagoitia. Abuztuaren 26an, ostiralez, ekingo diote erronkari: arratsaldeko seietan hasiko dira.
Proba horretan aritzeko dortsalak zozketa bidez banatzen dira, baina hautagai izateko merituak egin behar izaten dituzte lasterkariek: Mont Blancekorako puntuagarriak diren probetan bederatzi puntu bildu behar izaten dituzte gutxienez. Asturiasen, Bartzelonan, eta Kanaria Handian -'DesafioSomedo', 'Ultratrail de la Sierra del Montsant' eta 'TransGranCanaria' probetan, hurrenez hurren- lortu ditu beharrezko puntuak Mateok.
Cadizeko 'La Sierra del Bandolero' izan da egin duen azkena. Ez du proba hori kasualitatez aukeratu: "Ezaugarri amankomun batzuk ditu Mont Blancekoarekin: ordu eta egun berean hasten dira eta burutu beharreko kilometro kopurua ere antzekoa da -11 kilometro gehiago ditu bigarrenak: 166-. Entrenamendu oso ona izan da, abuztura begira".
Martxo hasieran Andaluzia aldean bizitakoa "abentura oso ederra" izan dela dio Mateok. Haren poltsikotik ordaintzen ditu bidaia, ostatua eta antzeko gastuak. Ultratrailak etxetik urrun burutu behar izaten dituenean, "modu ahalik eta ekonomikoenean" egiten du planifikazioa: "Cadizera joateko, egun batzuk jai hartu behar izan nituen lanean; antolaketa asko eskatzen du, deitaile ugari hartu behar izaten ditugu kontuan".
Duela bost urtetik
Mendian gora eta behera aritzeko harra duela bost bat urte sortu zitzaion Gorka Mateori. Kasu askotan gertatu ohi den moduan, ahoz ahoko kontua izan zen: "Orain dela bost bat urte arte, asfaltoko probak besterik ez nituen egiten: Behobia, eta antzekoak. Egun batean, ordea, mendian lasterka aritzearen aukera aipatu zidan Juan Mari Sarobe ile-apaintzaileak. Arreta deitu zidan, eta Andatza eta inguruetan hasi nintzen diziplina hori probatzen. Berak gomendatu zidan zein zapatila erosi, hori ere gogoan dut!".
Ultratrailak egiten hastearena ere gertuko pertsona baten ahotik entzun zuen: Rafa lagunarenetik. Koadrilan bazkaltzen ari zirela, Lasartearra elkartean, Behobia lasterketa egin eta gero, Kanaria Handiko 'Transvulcania' 83 kilometroko mendi maratoian apuntatzea ekarri zuten mahai gainera. "Berotu egin ginen, eta izena ematea erabaki. Proba hori osatu ostean, erabat gatibatuta utzi gintuen diziplina horrek, eta horretan dihardugu gaur egun", aipatzen du. .
Danimarkara joan zen Gorka Mateo duela zenbait urte, Erasmus bidaian. Bertan ezagutu zuen Rafa Cabanillas. "Askotan pentsatu ohi dut, eta Rafari ere komentatzen diot: 'Duela urte batzuk Danimarkan ginen parrandan, eta orain mendi maratoiak egiten ditugu elkarrekin!'. Zenbat alda daitezkeen gauzak!", gogoratzen du herritarrak.
Alda daitekeen beste gauza bat da sarrerako paragrafoan proposatutako ariketa horren erantzuna. Mendian lasterka egin behar lehenengo, horretarako. Gorka Mateok sutsuki animatzen du jendea diziplina hori probatzera: "Adiktiboa da mendian lasterka egitea, oso-oso gomendagarria".