Ttakunek Iñigo de Loyolako lokaleko proiektua aurkeztu du

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 18a

Ttakun kultur elkarteak Iñigo de Loyola kalean duen lokalera begirako asmoak azaldu zituen bazkideen aurrean.

Lehenik eta behin, elkartearen zuzendaritzak lokalaren inguruko asmoak partekatu zituen bertaratutako 40 pertsona ingururekin Manuel Lekuona kultur etxeko batzar aretoan. Entzundakoari forma ematearren, gunea bertatik bertara bisitatzeko aukera izan zuten ondoren.

Helburuak

Hiru helburu nagusi identifikatu zituzten lokalari begira. “Euskaldunentzako arnasgune” izan nahi du, hasteko. Hau da, Ttakuneko bazkide eta herriko euskaltzaleentzako txokoa. 

Kultur elkarteak urtean zehar egiten dituen ekintza asko aurrera eraman ahal izateko espazio egoki baten faltan ikusten direla azaldu zuten. Horregatik, hainbat jarduera bertan egingo dituzte, eta egitasmo berriak planteatzeko aukera zabalduko luke.

Azkenik, “euskal komunitatea pertsonaz osatua egoteaz gain, komunitate, elkarte eta horien arteko sarez” osatzen dela nabarmendu zuten. Iñigo de Loyolako lokala sare horren aktibaziorako tresna egokia izan litekeela uste dute.

Adierazi zutenez, bazkide orok izango du bertan egoteko aukera eta, horregatik, giltza emango zaie. Bi zati bereizi dituzte lokalean. Lehena denek erabili ahal izango dute. Bigarrena, aldiz, sukaldeaz hornitu dute eta nahi dutenek beste kuota bat ordaindu beharko dute.

Aurrera begira

Apirilean ez ohiko batzarra egingo dute bazkideek kuotak onartzearren. Ondoren, talde txikitan funtzionamendua zehazki azalduko zaie bazkideei. Halaber, bazkidetza kanpaina egingo dute kultur elkartean eta lokal berrian parte hartzea sustatze bidean.