Independentzia, prekarietateari aurre egiteko gakoa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mar. 18a, 13:00

Lasarte-Oriako LAB sindikatuaren egoera ona da, herrian sustraitua dago eta horren erakusle, enpresetan sindikatuaren delegatu kopuruak gora egin duela da. Alabaina, Euskal Herri mailan hausnarketa prozesuan dago sindikatua. Era berean, haien egitasmoekin aurrera jarraitzen dute, baita herriko taldeak ere. Otsailetik ekainera bitartean lan prekarietatea salatu eta independentziaren aldeko mobilizazioak egingo dituzte. LABeko kideekin izan gara gai hauei buruz jakiteko.

Gaur egungo egoera ekonomikoaren eta Estatuak egindako erreformen ondorioz, langabezia handia dago, baita sekulako prekarietatea ere, “bertan geratzeko etorri dena”. 
Erreformarekin langile eta herritarrek galtzeko asko dute eta horregatik LAB sindikatuko kideek kalera ateratzea aztertu eta egoera salatu beharra zegoela ikusi zuten, baita irtenbideak planteatu behar zirela ere. 

Honela, LAB sindikatuak Euskal Herria mailan bi neurri planteatzen ditu: 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanaldia.

Lasarte-Oriako LABeko kideek azaltzen dutenez, kopurua Europa mailako herrialdeetako soldatak kontuan hartuta eta egin diren ikerketetan oinarritua dago. Hauetan, gainera, “1.200 euroak pobrezia mailatik oso gertu daudela azpimarratzen da”.

Honetaz gain, 35 orduen aldarrikapenari eutsi diote berriro.  “Hau ez da aldarrikapen berria. 1999an, greba handia egin zen baina krisiarekin alde batera utzi zen. Guk langabeziari soluzio emateko modua dela uste dugu. Guk aberastasunaren eta lanaren banaketaren alde egiten baitugu”.

LAB hausnarketa

Hala ere, sindikatuko kideek azaldu dutenez, sindikatua prozesu eraldatzaile batean dago murgilduta.

“Sindikalgintzak aldatu behar duela ikusi zen. Ez gara langilego guztiarengana iristen. Horregatik, hausnarketa prozesu potentea egiten ari da”. 

“Langilegoari buruz ari garenean ez gara ari bakarrik langileei buruz, langabezian daudenak ere bertan daude sartuak. Langile klase ikuspegitik ari gara hitz egiten”, zehaztu dute.

2015ean hasi eta 2017 urtean amaituko den prozesu honek helburu bat du: sektore gehienetan tresna erabilgarriena izatea.

Izan ere, azpimaratzn duten moduan, “batzuk sindikatuek balioa galdu dutela diote, baina gaur egun dugun egoeragatik baliagarriagoak izan beharko lirateke”.

Burujabetza

Lasarte-Oriako LABek sindikatuko kideak eraldatzean ari dira lanean eta 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 ordu egitasmoarekin bat ere egiten dute. Baina herrian beste ildo batean ere jarri dute begirada, independentzian.

Legedi berri bat eta hori lortzeko Estatu propioa behar dela argi dute, “gaur egungo markoak ez baititu euskal herritarren bizi baldintza minimoak bermatzen”.

“Negoziazio kolektiboen aurka jo dute. Ez dago orekarik. Ez dago mahairik, erreformaren neurriekin hautsi dute. Oreka ez da herritarren aldekoa. Prekarietate handia dago sektore guztietan eta hau legez posible egin dute”, aipatu dute. 

LABeko kideen hitzetan, Euskal herrian oreka hori hobeto mantendu da eta burujabetza izanez gero, “gai izango ginateke gure herritarren eskubideak eta bizi baldintza minimoak bermatzeko”.

Mobilizazioak

Baina honetaz gain, arestian aipatu legez, egoera salatu eta sindikatuak eskaintzen duen irtenbidea plazarazteko kalera ateratzeko beharra ikusi dute.

 “Azken hilabeteetan krisia arintzen dela esaten ari dira, baina ez da egia. Prekaritate horren barruan dago eta.Horregatik, kalean egotearen beharra”.

Honela, lehengo hilabetean mobilizazioak egiten hasi zen herriko taldea eta ekainera arte eramango dute aurrera ekimena. “Gure aldarrikapenak ez dira ekainean amaituko , baina ekimen honek hasiera eta amaiera bat izan behar zuela uste genuen”.

Leku ezberdinetan bilduko dira. “Lehenengoa udaletxe zahar aurrean izan zen leku zentrikoa delako. Bigarrena, Eroski eta Lanbide artean egin genuen, egoeraren bi sinbolo txiki direlako”.

Honetaz gain, gaiarekin lotuta, sektore ezberdinetako herritarrekin lanketa bat egingo dutela jakitera eman dute.

Era honetara, sindikatuak tresna bat izan nahi du, herritarrei aukera eman nahi die haien salaketa egiteko .

Sindikatuaren bilakaera

Lasarte-Oriako LAB sindikatua oso kontent agertzen da herriko enpresetan duen inplantazioarekin. 

“Lehen indarra gara Lasarte-Orian. 75 delegatu aukeratzen dira enpresetan, LABek 28 ditu, ELAk 27, CCOOk 9 eta UGTk 4. Bilakaera positiboa izan da. Nahiz eta egoera ankerra izan, urte zailak baitira denontzako,” azpimarratu dute.

Eta hau, sindikatua herrian sustraitua dagoenaren seinale da. Duela 10 urtetik gora, Hipodromo etorbidean du bulegoa sindikatuak.

“Aurretik Xirimiri elkartean biltzen ginen. Orain astean arratsaldeetan hiru bider gaude bertan bilerak egiten edo herritarrei harrera egiten. Asmoa bertan jarraitzea da, beraz herritarrek ateak irekiak dituzte”, adierazi dute.

Lasarte-Oriako egoera

Hori guztiaz gain, LABeko kideek azpimarratu moduan, herrian egoera ez da ona.

Langabezia %14,5ean dago. “Krisia hasi aurretik %8koa zen eta 2012an izan zuen garaiera handiena: %16koa. Orain gora eta behera dabil”.

“Irakagarria da guretzat; Gipuzkoa maila kopuru handienetarikoa da. Gainera, gure herrian prekarietate handia dago. Gure inguruan merkatalgune handiak daude. Egoera ez da erraza”, onartu dute.

Enplegu mahaia

Horrekin lotuta, LAB sindikatuak Udalak martxan jarribehar duen Enplegu mahaiari buruz prentsaren bidez jakin duela salatu du.

“Txintxarri irakurrita jakin dugu mahai horri buruz. Eta esan beharra dugu egun guk ez dugula berririk mahai horri buruz. Gauza hauekin mediatikoki jolastea ez da serioa. Eta medioen bitartez interpelatuak izatea ez zaigu ongi iruditzen. Gure ustez, horrek ez dio herriak jasotzen duen egoerari erantzuten. Herrian langabezia handia eta prekarietatea dago eta horrelako gauzen fribolizatzea ez da balekoa”, azpimarratu dute.

Izan ere, LABeko kideek jakitera ematen dutenez, “ezin dugu iritzirik eman gainera. Ez dakigu benetan zein helburu duen mahaiak, zein bitarteko izango dituen... Guretzat ez da serioa gaia nola landu den”. 

Rafa Diez gogoan
Hau guztiaz gain, Michelingo langile izandako, LABeko idazkari nagusi ohi eta “herriko semea“ den Rafa Diez Usabiaga ekarri dute elkarrizketara. “Lasarte-Oriako LABek gogoan du Rafa. Izan ere, Dueson baitago eta Bateragune auziko espetxeratu bakarra baita”, adierazi dute.