Hirugarren geltoki olinpikoa: Rio 2016

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko martxoaren 18a

“Riora, bai edo bai”. Ezezkoa ez zitzaion burutik pasa ere egiten Maialen Chourrauti. Olinpiar Jokoetan bai edo bai aritzeko, ordea, plaza bermatu beharra zeukan herritarrak, Espainiako selekzioaren hautaketa probetan. Paun asteburu honetan jokatuko direnetara itxaron gabe, Seu d'Urgellen lortu zuen helburua piraguistak, lautik lau jaitsiera irabazita. Merezitako atsedena hartuko du orain, egutegi ezin estuago bati ekin aurretik.

Londresko 2012ko jokoetan brontzezko domina kolkoratu zuen Maialenek, eta hamaseigarren izan zen Pekingoetan, 2008an. Abuztu honetan Rio de Janeiron (Brasil) zein postu erdietsiko duen ez daki oraindik, baina bai bertan lehiatzeko aukera edukiko duela, berea baita jada hirugarren geltoki olinpiko horretan jaisteko txartela.  

Maialenek berak eskuratu zuen Riorako plaza Espainiako selekzioarentzat, iaz, Londresen jokatutako Munduko txapelketan. Plaza hori ez denez nominala, hautaketa olinpikorako probak antolatu ditu Espainiak, erabakitzeko nor ariko den Rioko Olinpiar Jokoetan –launa jaitsierako bi jardunaldi, bi asteburutan–. 

Ez dira bukatu oraindik, jokatzeke baitago bigarren saioa, Paun (Frantzia). Herritarra ez da ariko bertan, ordea, pasa den asteburuan atera zuelako Riorako txartela, Seu d'Urgellen (Lleida, Katalunia). Aurreko txapelketatan eskuratutako bonifikazioak eskuan, lautik lau jaitsiera irabazi behar zituen plaza lortzeko; hala egin du Chourrautek.

“Lau jaitsierak irabazi ditudanez, jardunaldi erraza izan dela pentsa dezake bat baino gehiagok, baina ez da horrela izan inondik ere”, dio Maialenek. “Lehen eguneko urduritasun eta tentsioa tarteko, ez nintzen gustura aritu larunbat goizeko jaitsieran; igandekoan ere ez, hotza eta haize asko egin baitzuen”.

Era berean, lehiatu baino aste pare bat lehenago gripeak jota egon zen herritarra eta ezin izan zuen %100ean entrenatu hainbat egunez.

Poza eta, batez ere, lasaitasuna. Hori sentitu du piraguistak, Rio de Janeirorako plaza patrikan. “Erasora” irten zen Seun, plaza lehenbailehen bermatzera: “Xedea lortuta, astebete irabazten dut, ez dudalako Paun lehiatu behar. Bertan ez aritzea erabaki dut, ez zaidalako gustatzen presiorik gabe lehiatzea; deskantsa-tzeko aste bat irabazten dut”.

Egutegi estua aurretik

Ez da harritzekoa herritarrak atseden hartzeko tarte guztiak baliatu nahi izatea; datozen hilabeteetan ez du horretarako aukera gehiegirik edukiko. Aste Santuko oporraldia amaitu bitartean berrituko ditu indarrak, eta Riora joango da gero, bi astez, test batzuk egitera. Maiatzean Europako txapelketa jokatuko du Litovskyn (Eslovenia), eta Munduko Kopako proba bi ekainean, Seu d'Urgellen eta Paun, hain justu. Horren aurretik, Rion beste bi aste pasako ditu.

Brasilgo hiri horretan egon da jada Maialen: test aurreolinpiko bat jokatu zuen azaroan. “Kanalak ez du desnibel handiegirik, baina olatu txiki asko sortzen ditu, eta ez da erraza abiadura hartzea. Bertako klimara eta ordu aldaketara ere ohitu beharko dut”.

Urrea lortzea ilusio

Azaroko test horretan hirugarren postua lortu zuen Maialenek. Abuztuan ez litzateke konformatuko emaitza horrekin: “Urrezko domina irabaztea dut ilusio; Londresen gertu eduki nuen, eta berriro saiatuko naiz uda honetan”. 

Entrenatu, entrenatu eta entrenatu. Aurrez finkatutako helburuak lortzeko beste formularik ez du ezagutzen piraguistak. “Neguan zehar maila oso oneko lan-saioak burutu ditut, baina badakit are hobeto aritu naitekeela”, zehazten du Maialenek. Apur bat ere ez du jaisten exijentzia-maila: “Jaitsierak teknikoki perfektu egitea ezinezkoa da, mundu bat baita horietako bakoitza, baina gerturatu zaitezke. Beti egon nahi dut hobeto; horretarako ari naiz lanean”.

Telefonoa jo eta jo ari zaio egunotan, egin duen balentria ez baita izan nolanahikoa. Asko eskertzen ditu Maialenek jasotako animo eta zorion mezu denak. Erantzunak ezin zuen bestelakoa izan: “Saiatuko naiz nire onena ematen jarraitzen, lorik hartu gabe, hankak lurrean ditudala”.