Hormak berreskuratuz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 18a

Horma degradatuak txukuntzea du helburu Guztion Lasarte-Oria lehiaketak. Biziberritzen proiektuaren barneko ekimena da, eta Lasarte-Oriako merkataritza suspertzea du helburu, besteak beste. Proiektuak aurkezteko epea ireki dute dagoeneko, eta apirilaren 1a arte aurkeztu ahal izango dira zirriborroak.

Lasarte-Oriako horma ugari egoera kaxkarrean dauda. Horri aurre egiteko egitasmoa aurkeztu du Udalak.

Helburua ez da soilik estetikoa. Herriko merkataritzari bultzada emateko asmoarekin ere antolatu dute. 

“Eragin positiboa” izango duela nabarmendu dute antolatzaileek, eta herrian bertan kontsumitzea “erakargarriagoa” egitea espero dute.

Pintura, mosaikoa, collagea edota graffitiak egin ahal izango dira. Parte hartu ahal izateko 18 urte baino gehiago eduki beharko dira. Halaber, bakarka eta taldeka aurkezteko aukera dago

Epea irekita

Dagoeneko aurkeztu daitezke lanak. Apirilaren 1a arte irekita egongo da izena emateko epea.

Aurtengo gaia librea den arren, kontzeptu gisa aniztasuna dutenak bereziki baloratuko dituztela adierazi dute; lehengo urtean egin bezala.

DIN-A3 formatuan aurkeztu beharko dute proposamena sinadurarik gabeko gutun azal itxi batean. Posta bidez edo Udalaren erregistroan aurkeztu ahal izango dira.

Udalak gehienez bost proposamen hautatuko ditu aurkeztutako artelanen artean. Espazio bat esleituko zaie irabazleei eta bertan egin beharko dute apirilaren 16an. Materiala artistek ekarri beharko dute. 

1.500, 1.250 eta 1.000 euroko sari bana eta 500 euroko bi banatuko ditu epaimahaiak. 

Horietatik 200 murala hasi aurretik banatuko zaizkie, eta murala amaitzen dutenean falta zaiena.

Jakinarazi dutenez, Udalak beretzat eskuratzen ditu zirriborroak erreproduzitzeko eta gauzatzeko eskubideak sariaren truke.

Aurreko edizioa

2015ean 22 zirriborro aurkeztu zituzten eta horietatik bost herritarrek margotu ahal izan zituzten Lasarte-Oriako gune ezberdinetan kokatutako muraletan.

Antxota herriko artisten elkarteak antolatuta, txikienek Dorre parkean mural erraldoia margotu zuten.

Lehenengo saria Ione Zabala arte ederretako ikasleak irabazi zuen. Azaldu zuenez, “ez zuen espero irabaztea”. Izan ere, lehen aldia zen lehiaeta batera aurkezten zena.

Horma erakargarri eta alaiak edukitzeak merkataritza suspertzen lagunduko du. Proiektuan parte hartu nahi duenak, apirilera bitartean du aukera.