Luken Carbayeda bigarren Donostian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mar. 17a, 11:32

Buruntzazpiko txirrindulariak errepideko denboraldian murgilduta dabiltza. Juniorrek Zumy saria jokatu zuten, Donostian: bigarren helmugaratu zen Luken Carbayeda. Taldekako sailkapena irabazi zuen Buruntzazpik. Kadeteek berriz, Azpeitian astindu zituzten pedalak.

Aurreko asteburua oso ona izan zen Buruntzazpi txirrindularitza eskolarentzat, junior mailan batez ere. Donostiako Zumy sarian aritu ziren kategoria horretako txirrindulariak, ederki aritu ere: lehen hamabost sailkatuen artean sartu ziren proba amaitu zuten hiru taldekideak. Bigarren izan zen Luken Carbayeda, hamaikagarren Oier Urbizu eta hamalaugarren Iñigo Altuna. Txirrindularien jardun onari esker, taldekako sailkapena patrikaratu zuen Buruntzazpik.

Bi ordu, bederatzi minutu eta 48 segundotan bota zuen proba Carbayedak. Bakarrik helmugaratu zen herritarra; irabazleak –Eneko Martinez, El Proex-Iturribero taldekoa– baino 27 segundo gehiago behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Aitzol Odriozolak osatu zuen igandeko podiuma. 

Kadete mailakoek Azpeitian eragin zituzten pedalak. Manex Altuna seigarren postuan helmugaratu zen. Ordubete, 29 minutu eta hemezortzi segundo behar izan zituen txirrindulari gazteak ibilbidea osatzeko.