Pasa den asteburua ez du berehalakoan ahaztuko Leire Martin igerilari gazteak. Erlojua birrindu du Eskolartekoen Erkidego arteko txapelketan: launa marka pertsonal, taldeko errekor eta Espainiako txapelketarako gutxieneko erdietsi ditu. Buruntzaldea IKTko kidea Euskadiko selekzioarekin aritu da Plasencian.
Txapelketari 100 bizkar probarekin ekin zion Martinek. Lau segundotan ondu zuen haren marka onena: minutu bat, bederatzi segundo eta 96 ehunekotan geratu zuen kronometroa. Larunbat goizean jokatu zuen proba hori, eta baita 4x200 errelebokoa ere. Azken horretan bi minutu, hemezortzi segundo eta 75 ehunekoko "sekulako denbora" egin zuen, Borja Apeztegia entrenatzaileak zehaztu moduan.
Arratsaldeko saioan goizean erakutsitako maila mantendu zuen igerilari gazteak. 2:30,32ko denbora eginda, marka pertsonala birrindu zuen 200 bizkar proban.
Ederki igandean ere
Markak hausten segitu zuen Leire Martinek igandean. Goizeko jardunaldian 200 estiloetan lehiatu zen, ondo lehiatu ere: 2:35,63 denbora egin zuen. Distantzia horretan burututako igerialdiarekin borobildu zuen asteburuko jarduna.
Iñigo Ibarburu, Sabadellera
Absolutu mailako Udaberriko Espainiako 'Open' txapelketan ariko da Buruntzaldea IKTko igerilari Iñigo Ibarburu, hilaren 19tik 22ra, Sabadellen (Herrialde Katalanak). Lau probatan lehiatuko da: 50, 100 eta 200 tximeletan eta 100 librean.