Donostiako Eusko Jaurlaritzaren egoitzan Udaltop Udaletak Euskara Zerbitzuen Topaketen zortzigarren edizioa aurkeztu da gaur goizean. Aurten 8-16 urte artekoen kirola izango da hizpide: antolamendua, araubidea, eskola kirola, kirola eskolak, praktika onak edota etorkizunerako erronkak. Berrikuntza dezente dakartza aurtengo edizioak, hala nola, mahai inguruak Manuel Lekuonatik kanpo.
Kirola eta gazteak
Jorge Giménez Eusko Jaurlaritzako HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak azpimarratu legez, “aurtengo gaia gaurkotasun eta lehentasun handikoa da. Kirol jardunak berebiziko garrantzia dauka gazteen hizkuntza ohiturak finkatzeko”.
Era berean, aurtengo edizioaren beste ezaugarri bat ere nabarmendu du, “gaiak beste esparru batzuetako profesionalak eta teknikariak ere eragiten ditu, hezitzaileak, kirol monitoreak, entrenatzaileak, kirol kudeatzaileak, etab. eta horrek ezaugarri garrantzitsu bat eransten dio aurtengo edizioari: hizkuntzaren zeharkakotasuna, politika publiko orotan txertatu eta sustatu beharrekoa”.
Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak aitortu duenez, “gaia aukeratzea izaten da buruhauste handienetako bat. Udalerri mailan aplikagarriak diren gaiak edota esperientziak ekarri nahi izaten ditugu, eta oraingoan ere, bete-betean asmatu dugula iruditzen zait. Gainera, aurtengo gaiak partehartzaileen eremua zabaltzeko aukera ematen digu. Aurtengo erronka izango da kirolarekin zerikusia daukan jendea guregana erakartzea”.
Mahai inguruak
Egitarau oparoa osatu da horretarako eta Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariak aurkeztu du egitaraua. Guztira, hamar ponentzia, bi mahai-inguru eta elkarrizketa bat bildu dira.
Hiru ponentzia izango dira topaketaren bizkarrezurra azaldu du Jon Antxordokik, “horietako batean, EAEko eta Nafarroako 16 urtez azpikoen kirolaren antolamendua eta araubidea azalduko dugu; oso deskriptiboa izango da. Bigarrengoan, ikuspegi juridikotik antolamenduan eta batez ere araubidean egin daitezkeen hobekuntzak proposatuko dira euskararen erabilera indartzeko, ziurtatzeko…. Hirugarrengoak ere, hobekuntzak proposatuko ditu, baina kasu honetan ikuspegi pedagogiko-linguistikotik”.
Gainera, Antxordokik aurreratu duenez, aurtengoak badu berrikuntzarik. “Bi mahai inguru antolatu ditugu, eta aurreko ediziotako talde-lanik ez da izango. Mahai inguruak bazkalostean egingo dira, jatetxean bertan. Izena emateko formularioa betetzen dutenean, partehartzaileek mahai inguru bat edo beste aukeratu beharko dute”.
Mahai inguruetan bi gai jorratuko dira: Nola kudeatu euskara gaztetxoen kiroletik elite kiroleraino? eta Nola eragiten ari gara gaztetxoen kirol jarduerako hizkuntzan gure herrian?
Honetaz gain, Gaizka Garitano entrenatzailearekin solasaldia ere izango da.
Erreferentziazko topaketa
Mikel Irizarrek Udaltopen balioa azpimarratu, eta erreferentziazko topaketa bihurtu dela nabarmendu du, “batez ere, egunerokoan langai ditugun horiei erantzunak ematen ahalegintzen delako eta guztiok egiten dugun lana hobetzea bilatzen duelako”.
Hausnarketarako plaza ere badela aipatu du. “Egiten ari garenaz hausnartzeko, eta batez ere, egiten ari garen hori nola hobetu hausnartzeko. Eta bide batez, esperientziak trukatzeko eta elkarlanak abiatzeko. Orain arte horrela izan da eta aurreratzen horrela izaten jarraitzea nahiko genuke”.
Udaltop Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen dute, Eudelen, Euskarabidearen eta Uemaren laguntzarekin.
Zortzigarren edizioa Manuel Lekuona kultur etxean egingo da, apirilaren 21ean eta 22an.
Egitaraua eta izena ematea
Era berean, izen-ematea dagoeneko zabalik dagoela jakitera eman zuten agerraldian. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da, izen-ematea atalean.
Egitarau zehatza ezagutu nahi duenak ere eskuragarri du webgunean bertan.