Manuel Lekuona kultur etxean egingo dira lehenengo aldiz Musika Topaketak. Oraingoan, Dana laukoteak eta Verushka hirukoteak eskainiko dute kontzertua Lasarte-Orian.
Arratsaldeko 19:30ean hasiko da emanaldia, eta Musikeneko ikasleek osatutako bi taldeek konpositore klasikoen piezak eskainiko dituzte ordubetez.
Dana laukotea
Hari laukoteak Antonin Dvorak egile pragarrak XIX. mendean konposatutako pieza eskainiko du.
Andoni Mercero maisuak gidatuta, David Santamaria eta Unai Pujol biolinek, Ane Agirre biolak eta Agate Amilibia txeloak osatzen dute laukotea. Haietako hiru Euskadiko Gazteen Orkestrako bakarlari dira.
Beste zenbait taldetan ibilitako musikariak izanik ere, elkartzea erabaki dute Dana laukotea osatuz
“Americano” lana interpretatuko dute. Izen hori du txekiarrak AEBetan zegoela idatzi zuelako. Eskala pentatonikoan egina dago hasieratik bukaerara.
Verushka hirukotea
Aram Khathaturiam eta Igor Stravinsky musikarien lanak ekarriko dituzte Verushka hirukoteko kideek. Lehenaren pianorako, biolinerako eta klarineterako hirukotea eta bigarrenaren “Soldadu baten istorioa” obraren moldaketa eskainiko dituzte.
Edurne Suso biolinjoleak, Pablo Piñeiro klarinetejoleak eta Andres Martinez pianojoleak osatzen dute Verushka.
Musikeneko ikasleak izanik, esperientzia dute beste talde batzuetan. Gabriel Lloidiren gidaritzapean elkartu dira oraingoan berezko ganbera taldea osatzeko asmoarekin.
Musikeneko kanpo harremanetarako arduradunak azaldu zuenez, “ez da ohikoena musika tresna hauek osatutako hirukoteak ikustea”. Dena den, “konpositore handiek horientzako idatzi dute”. Stravinskyren kasuan, ordea, eurek moldatu dute pieza.
Musika klasikoaren zaleek aukera bikaina edukiko dute ostiral honetan gustuko musikarekin gozatu ahal izateko. Manuel Lekuona kultur etxean izateak jende gehiago gerturatzea ahalbidetuko du.