Lasarteoriatar ugari gerturatu zen ostiral gauean Mitxelingo frontoira herrikide Axier Arteagaren partida ikustera.
Ezin izan zuen garaipena erdietsi baina finalerdietarako txartela eskuratua zuen dagoeneko. Izan ere, Agirre eta Larunberen aurkakoa izan ezik, beste partidu guztiak irabazi dituzte Arteaga II.ak eta Imazek.
Larunbe nagusi
Partidu borobila egin zuen Mikel Larunbe pilotari galdakoztarrak. Apraiz baino gehiago izan zen, eta oso tanto gutxi galdu zituen. Agirre aurrelariak ere bere aukerak baliatu zituen, sendo jokatuz.
Arteaga II ez zen maila kaxkarrean aritu, baina markagailuan atzean izateak ez zuen lasarteoriatarra lagundu. Errematerako aukera garbirik ez zuen izan eta ezin izan zuten partiduaren norabidea aldatu.
Herritarren babesa ez zuen falta izan eta, seguru aski, goi mailako pilota berriro ere Mitxelinen ikusteko asmoz aterako ziren asko.
Finalerdietan izango du Axier Arteagak hurrengo erronka. Ofiziala ez den arren, bere ohiko atzelari Ander Imazen laguntza izango du seguruenik, espero baita Jon Ander Albisu datorren asterako osatuta egotea.
Atariko partida estua
Berasaluze II.ak eta Aretxabaletak 22-19 irabazi zuten Elezkano II.aren eta Beroizen aurkako atarikoa.
Lehenengo tantoetan errenta lortu zuten Pablo Berasaluzek eta Andoni Aretxabaletak, eta bazirudien aise irabaz zezaketela.
Elezkano eta Beroiz piztu egin ziren aurkariak lan erdietara iritsi aurretik eta markagailua orekatzea lortu zuten.
Azkenean berriztarra eta markinarra 22 eta 19 nagusitu ziren. Urte amaieran erretiratuko den aurrelariak ez zuen huts egin Lasarte-Orian eta kalitate handiko tantoak eskaini zizkien bertaratutakoei.
Intzaren garaipen gazigozoa
Udaberri txapelketako finalerdiak jokatu zituzten Intza K.E.ko pilotariek larunbat goizean. Joanekoan Hernaniren aurka 22-11 galdu ostean, balentria handia egin behar zuten Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak finala jokatu ahal izateko.
Orekatua izan zen norgehiagoka eta lasarteoriatarrek ezin izan zuten markagailuan alde egin.
Azken tantoetan erremate on batzuk baliatu ondoren, Intza K.E.k garaipena eskuratu zuen, 22 eta 17koarekin.
Ez dira finalean izango, baina denboraldi bikaina egin dute pilotari lasarteoriatarrek; Gipuzkoako bigarren mailako txapeldun izan eta Udaberri txapelketako lehenengo mailako finalerdietara ailegatu baitira.