'Amalur' ikuskizuna apirilaren 16an Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 11

Lasarte-Oriako txikiek herriko pailazo bihurriak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikusteko aukera berria izango dute apirilean. 'Amalur' baserritarren oroimenez egindako ikuskizuna da eta baserri munduan dago girotua. Bi saio izango dira herrian eta txartelak salgai jarriko dira gaur arratsaldean.

Marimototsek baserritarra izan nahi du eta horretarako Ilargiren baserrira doa ikastera. Pirritx eta Porrotx bere lagunak Marimo bisitatzera joan eta milaka abentura biziko dituzte bertan. Lagun berriak ere egingo dituzte eta hau guztia, abesti eta kolorez betetako emanaldian. 

Pirritx, Porrotx eta Marimotos herriko pailazoen 'Amalur' ikuskizun berria Lasarte-Orian izango da apirilaren 16an.

Pailazo bihurriek herriko Irakurle Txokoa laguntzeko bi saio eskainiko dituzte egun horretan, bata 16:30ean eta bestea 19:00etan.

Finantzaketa propioa

Lasarte-Oriako irakurle txokoak hiru ikasturte daramatza eta gure herrian euskal literaturaren arnasgunea dugu.

 Hilabetero biltzen dira euskal idazle baten edo euskarara itzulitako liburu bat aitzaki eta orain Danele Sarriugarteren laguntzaz liburuak aztertzen dituzte. Idazleen bisitak ere izaten dituzte bi hilabetean behin. 

Jardun hau aurrera eramateko, diru iturri propioak erabiltzen ditu taldeak eta hau eskuratzeko hainbat ekintza burutzen ditu. Azken hiruhileko honetan, esate baterako, bi ekitaldi nagusi antolatu ditu.

Batetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'Amalur' ikuskizun berriaren emanaldia dago. “Diru hori lortzen laguntzeko eskaintza egin zigun gure herriko pailazo taldeak eta guk, noski, onartu egin diegu eskaintza eta oso eskertuak gaude eskaini diguten aukeragatik,” adierazi dute Irakurle Txokoko kideek.

Bestetik, otsailaren 27an, Xirimiri elkartean egin zen bertso afari literarioa. 

Saio honek Txokoko lagunek azpimarratu legez,  “hileroko saioez gain, herritarrei literaturaz gozatzeko bestelako saio bereziak eskaintzea  du helburu”. 

Sarrerak eskuragarri

Hori horrela izanik, taldeko kideek aipatu dutenez, 'Amalur' ikuskizunaz gozatu nahi duten herritarrek sarrerak eskuragarri izango dituzte gaur arratsaldetik aurrera. Jalgi kafe-antzokian eta Artizar tabernan izango dira salgai eta prezioa 7 eurokoa da.

Martxoko hitzordua

Hau guztiaz gain, hilabete honetako hitzordua ere gogoratu beharra dago. 

Oraingoan, Josu Martinez idazlea bilbotarra etorriko da Irakurle Txokora 'Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak' liburuari buruz txokoko kideekin hitz egitera.

Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzitako kronika-erreportaje sorta da liburua. Honetan euskal gatazkari lotuta, azken 50 urteetan gertatu diren hamar ihesaldi eta ihes-ahaleginen kronika aurkezten ditu idazleak.

Kronika hauen guztien nondik norakoak aztertzeko martxoaren 22an, 18:30ean Irakurle Txokoko saioa izango da Manuel Lekuona kultur etxean.