Urtero legez, Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan hamaika egitasmo egin dira Lasarte-Orian.
Erakusketa
Herriko ikastetxeetako ikasleek Antonio Mercero aretoan erakusketa antolatu zuten martxoaren 8an.
Emakumeek arlo ezberdinetan –historian, filosofian, zientzian...– izandako papera aldarrikatu dute; ikasgelan egindako lana erakusketa gelara eramatean.
Emakumeen balioaz jabetzeko liburua
Maria Morales kazetari andoaindarrak “La consciencia del tiempo” eleberria aurkeztu zuen asteartean Emakumeen Zentro Zibikoan.
“Emakumeari egindako omenaldia” dela azaldu zuen idazleak. Eleberria sortzeko prozesua partekatu zuen bertaratu ziren lasarteoriatarrekin.
“Gizarteak ez du emakumea baloratzen. Baina askotan gu geu gara aintzat hartzen ez garenak. Hemendik hasi behar gara aurrera egin eta besteek ere gure balioaz konturatzeko”, nabarmendu zuen andoaindarrak.
Ipuin kontalariak
Haur eta helduentzako ipuin kontaketa saioek hartu zuten lekukoa atzo. Beatriz Egizabalek txikienak gozarazi zituen “Batak panpinak, besteak superheroiak” kontakizunarekin.
“Hotzikara” ipuin erotikoa entzun zuten nagusiek Manuel Lekuona kultur etxean Ines Bengoaren eskutik.
Lasarte Moria
Lasarteko Talde Feministak zenbait egitasmo antolatu ditu aste honetan. Astelehenean kafe tertulia egin zuten Elebeltzen.
Asteazkenean “El test de la vida” dokumentala proiektatu zuten. Identitate ez normatiboen inguruko solasaldia izan zuten ondoren Amets Jordan Arrietarekin.
Eguraldia dela eta, Kukukako lagunek ezin izan zuten dantza erakustaldia egin Okendo plazan. Herriko tabernetan zehar dantzatu zuten poteo feminista egin bitartean.
Azken txanpa
Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko ekintzak asteburuan luzatuko dira. Gaur arratsaldeko 18:00tan pala txapelketa jokatuko dute Loidibarren frontoian. Ondoren, emakumeen afaria egingo dute Xirimiri Elkartean. Txartelak 10 euroko kostua izango du eta ohiko tabernetan egongo dira salgai.
Lan eta Lan antzerki taldeak Noel Cowarden “Un espíritu burlón” lana eskainiko du 19:30etan Manuel Lekuona kultur etxean.
Larunbatean lehenengo aldiz Berdintasunaren aldeko martxa egingo dute. Okendo plazatik aterako dira 12:00etan eta Lasarte-Oriari buelta osoa emango diote.
Egitaraua amaitzeko, igandean gorputza astintzeko parada egongo da Okendon egingo duten zunba saioan.