Izena ez dute aukeratu arrazoi berezi batengatik, baina talde propio bat eratzea bai. Jaioberria da Trinko Lasarte-Oriako triatloi taldea, baina taldekide gehienak ez dira hasiberriak triatloian. Orain arte ere aritu dira han eta hemen igerian, korrika eta bizikletan, baina Saiatuz txirrindulari taldeko adar gisa.
Talde propioa eratzearen motiboetako bat izan da erakustea triatloiak presentzia duela herrian: “Orain arte, txirrindulari talde baten parte izan garenez, apur bat kamuflatuta egon gara, ez zelako horren agerikoa bazegoela triatleta talde bat herrian, diziplina horretan aritzen zena”, aipatzen dute kideek.
Era berean, uste dute “askatasun puntu bat” ere emango diela Trinkoko kide bezala aritzeak, eta horrek ekarriko dizkiela zenbait abantaila: “Diru laguntzak eska ditzakegu eta entrenatzeko zein konpetitzeko askatasun gehiago ere ematen digu”.
Talde irekia eta anitza
Hamahiru triatletak osatzen dute Trinko, oraingoz: Asier Gorostegi, Imanol Arteaga, Leo Juarez, Enaitz Ibarburu, Miguel Angel Fernandez, Zigor Gallardo, Peio Fadrique, Javi Lopez, Pablo Ucero, Andoni Salsamendi, Mikel Olarra eta Iñigo Valdiviak. Emakumerik ez da sartu taldean oraindik; kideek gonbita luzatzen diete. Horrekin batera, zehaztu dute ez dela izan behar eliteko kirolaria, Trinkoko kide izateko. “Afizionatu talde bat gara, triatloia atsegin dugu. Profil desberdinetako kirolariak gaude bertan. Denok laguntzen diogu elkarri, ahal dugun guztian”, diote.
Triatloiak norbanako gisara egin bainoago, talde bateko kide izatea hobe dela uste dute Trinkoko kideek: "Zenbait proba jokatzeko bidai luze samarrak egin behar izaten ditugu, eta taldekiderekin batekin bazoaz, azkarrago pasatzen da denbora, atseginagoa izan ohi da tarte hori. Era berean, probari ekin aurretik edozein zalantza sortzen bazaizu, taldekideekin kontsulta dezakezu eta elkarri lagundu".
Dagoeneko sei babesle ditu Trinkok, eta gehiagoren bila ari dira: Cecilia fruta denda, Taberna Kebab, Patxi Larrañaga, Dotore jantzi-denda, Ta Puntu herriko enpresa eta Avenida taberna. Logoa ere badute: Ta Puntuk diseinatu du. Ekipazio ofizialak apirila-maiatza aldean jasoko dituzte. Halere, taldeko kamiseta badaukate jada, eta eraman izan dute soinean orain arte jokatu dituzten zenbait kirol ekitalditan –Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoian, adibidez–.
Denboraldiko helburuak
Zarauzko eta Gasteizko Iron Man erdiak eta Donostiako triatloi olinpikoa (Onditz) dira egutegian gorriz markatuta dituzten zitak. Azken hori burutzeko gogo asko dituzte taldekideek, azkeneko urteetan San Pedro jaien hasierarekin bat egin baitu probak. "Ekainaren 26an jokatuko da Onditz oroimenezkoa, eta aurten festak 28an hasten direnez, bertan konpetitu ahalko dugu gehienok", zehazten dute.
Asteburu honetan, Oñatiko duatloian hartuko du parte Imanol Arteagak.
Euskal Herriko Triatloi zirkuitukoak dira proba horiek. Hori da sasoiko ardatz nagusia, nahiz eta urtean zehar aritzen diren han eta hemen, itsas-trabesiak, zikloturisten irteerak...egiten: "Urte osoan zehar gaude mugimenduan, han eta hemen; ez gara geldi egoten". Whatsapp talde bat dute, entrenatzeko geratzeko. Normalean asteburutan geratu ohi dira elkarrekin entrenatzeko, bizikletan, eguraldiak uzten dienean beti ere.
Norbaitek Trinkoko kide izan nahiko balu, 695 74 33 00 edo 635 73 68 52 zenbakietara deitu dezake. Facebook orrialdean ere aurkitu dezakete informazioa.