Horrela geratu dira bi partiduak azkenean: Berasaluze II.ak eta Aretxabaletak –Apraiz ordezkatuko du atzelari markinarrak– Elezkano II.a eta Beroiz izango dituzte aurkari –Arretxe eta Aretxabaletak osatutakoa zen bikotea, hasiera batean–. Norgehiagoka horrek irekiko du biharko Michelingo jaialdia, 20:30ean.
Ondoren, Promozioko binakako txapelketaz gozatuko dute herritarrek, eta Arteaga II.a lasarteoriatarraren 'debutaz' ere bai –aurrenekoz ariko da Michelinen, profesionala denetik–. Ander Imaz da Arteagaren bikotea, baina Asegarcek oiartzuarra deitu du, Jon Ander Albisu ordezkatzeko igandean, Donostiako Atano III.ean, Lehen Mailako Binakako finalerdietako lehenengo jardunaldian. Alexis Apraiz gernikarrak beteko du Imazen hutsunea. Arteaga II.ak eta Apraizek Agirre eta Larunberen aurka jokatuko dute.
Sarrerak Gure Etxea eta Ainhoa tabernetan daude salgai, 20 eurotan. Telefonoz ere eskura daitezke, 656 79 94 23 zenbakira hots eginda.