Asteartekoa Udal Araudi Organikoa indarrean dagoenetik lehen Udalbatzarra izan zen eta neurri berri hauen eragina antzeman zen bilkuran.
Emendakinak aztertzeko modua aldatu da eta lehenik jatorrizkoa lantzen da eta hau eroriz gero, emendakin alternatiboa.
Bestetik, EHBilduk bere emendakina puntuka bozkatzeko eskaerak eztabaida sortu zuen udalbatzarkideen artean eta eten baten ostean, idazkariak azaldu behar izan zuen prozedura.
Baina batzarreko gai ordenarekin hasi baino lehen, martxoren 8a izaki, Jesus Zaballos alkateak alderdi guztiek adostutako adierazpen instituzionala irakurri zuen.
Jarraian aurreko bilkuretako aktak onartu eta 2015 ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratutako dosierren berri eman zen.
Lurpeko zaborrontziak
Lurpeko zaborrontzien gaia landu zen lehenik. EHBildu eta Lasarte-Oriak Ahal du alderdiek lurpeko zaborrontzi ixteko aurkeztutako emendakin transakzionala eztabaidatu zen. Taldeek zaborrontzien erabilerak eta hauen eraginez sortzen diren arazoek sortzen dituzten gastuengatik, besteak beste, lurpekoak itxi eta beste irtenbide bat aurkitzeko herritarren proposamenak batzea proposatzen zuten.
PSE-EE eta EAJk haien desadostasuna agertu zuten. Oinarrizko mozioa moldatu, puntu batzuk gehitu eta EAJren iritziz akordiorako nahi eza azpimarratzen zuten ñabardurak zeudelako, hala nola, birziklapen alde egiten dela baina tasa %60a izan behar duela.
PPk argi azaldu zuen ez daudela zaborrontziak ixtearen alde eta arazoa aztertu beharko litzatekeela, irtenbide bat emateko.
Emendakina puntuz puntu bozkatu eta guztiak atzera bota zituzten gero emendakin alternatiboa aurkeztu behar zuten alderdien, PSE-EEren, EAJren eta PPren aurkako bozkek.
Mozio alternatiboa, berriz, aurrera atera zen. Honen bitartez, herriko birziklatze tasak igotzea, zaborrontzien egoeraren azterketa tekniko bat eskatu eta irtenbideak bilatzea eta azterketa eskuan izanik, alderdi guztiek zerbitzuaren etorkizuna erabakitzea adostu zen.
Bidegorri sarea
EAJk, berriz, bidegorri sarea hobetzeko mozioa jarri zuen mahai gainean eta aho batez onartu zen.
Honen bitartez, ingurunea eta osasunean dituen abantailengatik, aisia eta garraiorako bitarteko bezala bizikletak duen onura publikoa aitortu zen.
Era berean, eremu publikoak bizikletaren trafikorako egokitzeko neurriak hartzeko eta onartzeko beharra kontsideratzea eta aintzat hartzea zehazten da, bidegorrietatik segurtasunarekin eta modu eroso batean ibiltzeko herritarrok dugun eskubideak bermatu ahal izateko. Neurri horiek, seinaleztapen egoki bat, eremu publikoarentzako diseinu arauak, eta beharrezkoa denean, txirrindulariei zuzendutako espazio bereizi bat erreserbatzea ere jaso beharko lukete.
Eta neurri horiek, garraiorako udal eta bailara planetan, Arau Subsidiarioetan eta Udal Agenda 21ean jasotzea eskatzen da.
EHBilduk EAJk mozioan erabilitako erretorikaren helburua ziria sartzea dela salatu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorrien aurrekontua murriztu baitu, herenera jaitsiz eta Udalak laguntzeko partida deuseztatu baitute. "Esate baterako, ezingo da kotxerik gabeko eguna egin". Horregatik, helburu ekonomikoak izatea leporatu zion Aldundiari, mugikortasun jasangarriaren aurka eta Donostialdeko metro eta AHTaren alde egiten ari direlako.
EAJko bozeramaileak aldarrikapen hori beste foro batean egitekoa zela adierazi zion.
Emendakin honek bi emendakin gehigarri izan zituen. Hauen bitartez, PSE-EEk proiektuan zegoen bidegorria amaitzea eta Foru Aldundiari emendakinaren berri ematea gehitu zuen. Hau aho batez onetsi zen.
Eta EHBilduren eskutik, 2016 urteko aurrekontuan bidegorrietako partida handitzeko eskaera egingo da. Honek EHBildu, EAJ, Lasarte-Oriak Ahal du eta PPren babesa izan zuen. PSE-EE abstenitu egin zen.
Erreguak eta galderak
Jarraian erregu eta galderen txanda izan zen. EAJ, Lasarte-Oriak Ahal du eta EHBildu alderdiek hartu zuten hitza haien kezkak eta eskaerak azaleratzeko.
EAJk hiru gai jarri zituen mahai gainean: zebra bideen eta errepideetako seinaleen egoera, Azkorterako bidean egiten den ur baltsa eta motorrentzako aparkaleku gehiago egitea.
Lasarte-Oria Ahal duk 2016ko aurrekontuetan 5. edukiontzia ezartzeko partida egongo den galdetu zuen eta Udaletxeko arkupeetako tauletan ohar eta ediktuak ez jartzearen zergatia ere galdetu zuen.
EHBilduk, aldiz, Lanbidek kaltetutakoen elkarteari utziko zaion lokalari buruz galdetu zuen, izan ere, beste elkarteek eskaerak egin eta ez dute onarpenik izan ez dagoelako lokalen esleipenaren araudia amaitua.
Alkateak azaldu zuenez, seinaletika berritzeko lizitazioa martxan da. Azkorteko bideko arazoa zerbitzuei jakinaraziko zitzaiela aipatu zuen. Eta motorren aparkalekuak egoteko ere lanean daudela adierazi zuen. "Osasun Zentro azpiko garajeari ere irtenbide bat bilatu nahi diogu eta bertan garaje plazak alokatu ahal izatea pentsatzen ari gara. Bertan, motorrentzako plazak ere egongo lirateke".
Lasarte-Oriak Ahal du-ri erantzunez, 5. edukiontzirako partida egongo dela azpimarratu zuen. Ediktu eta oharrei dagokionez, idazkaritzak proposamena egin eta onartu zela aipatu zuen.
EH Bilduri, berriz, Lanbidek kaltetutakoen elkarteari erabilera zehatz bat egiten utziko zaiola zehaztu zuen, "herriko beste elkarteei bezala. Ez zaio bulegoa jartzeko lokalik utziko. Horrelako eskaera asko ditugu eta ezezkoa eman zaie elkarteei".
Azkenik, herritarrek ere izan zuten hitza eta Siriako errefuxiatuen egoera izan zituen hizpide.