Garaipenak pilatzen jarraitzen du Babyauto Zarautzek

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 9a

Beste asteburu batez, eguraldi kaskarrari egin behar izan zieten aurren kategoria desberdinetako Beltzak taldeek. 14 urtez azpikoek eta bi talde seniorrek jokatu zuten: Ohorezko B mailakoak eta seniorren Euskal Ligakoak. Osagaiak antzekoak izan ziren hiru norgehiagoketan: euria, lokatza eta, batez ere, errugbia.

Berdeguneen baldintzak onenak izan ez baziren ere, Oviedoko El Naranco, Irungo Plaiaundi eta Zarauzko asti zelaietan kilate askoko errugbia ikusi ahal izan zuten zaleek pasa den asteburuan. 

Ohorezko B mailako Babyauto Zarautzek garaipenak pilatzen jarraitzen du. Azkeneko biktima, Oviedo RC taldea. Multzoko lidertza bermatuta dute Fran Puertasen jokalariek, baina intentsitatea ez dute apur bat ere jaisten. Ander eta Xabier Rekondo anaiek eta David Vegak ordezkatu zuten Lasarte-Oria, larunbatean jokatutako partidu horretan. 13-29 irabazi zuten kanpokoek eta lau puntu zakuratu, hiru partidua irabazteagatik eta beste bat lau entsegu egiteagatik azkenekoa Ander Rekondok egin zuen.

Larunbat arratsaldean aritu zen baita ere seniorren Euskal Ligan ari den Lavie ZRT-Beltzak; Zaisa Irunen kontra neurtu zituen indarrak. Arrazoi desberdinak tarteko, Beltzak taldekoek hamahiru jokalarirekin zelairatu ziren –hamabost aritu ohi dira normalean, talde bakoitzeko–. Horrek ez zuen kikildu kanpoko taldea ordea. Pentsa, atsedenaldira aurretik joan zen markagailuan, 10-20. Bigarrenean ordea, hamaika jokalarirekin geratu zen Beltzak: lana zela-eta atsedenaldian joan behar izan zuen horietako batek, eta aulkian geratu zen bestea, min hartuta. Egoera hori baliatuz, irundarrek buelta eman zioten markagailuari. Azkenean, 22-20 etxekoen alde.

14 urtez azpiko Lavie ZRT-Beltzakek itxi zuen jardunaldia. Neska-mutil gaztetxoek Ordiziaren kontra jokatu zuten, eta euren nagusitasuna erakutsi zuten aurreneko minututik, Zarauzko Asti zelaian. Kategoria horretan gehienez bost entsegu egin ditzake talde bakoitzak. Bietako batek marka hori lortzen badu, alde bateko eta besteko jokalariak nahastu egiten dira, denek goza dezaten errugbian jokatzeaz. Baita euri eta lokatz artean ere.