2016ra begirako erronkak zehaztu ditu Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok. Batetik, adierazpen bat aurkeztuko dute jendaurrean apirilaren 8an. Ados dauden norbanakoek sinatuko dute, eta ahalik eta jende gehien biltzea du helburu, herritarren borondatearen islada izan nahi baitu.
Bestetik, hausnarketa bultzatu nahian, zenbait topagune antolatuko dituzte. Lehenengo biak martxoan izango dira.
Sumate, Kataluniatik
Ostiralean, hilaren 11ean, Kataluniatik Sumate taldeko kideak etorriko dira Manuel Lekuona kultur etxeko batzar aretora arratsaldeko 19:00etan. Garai batean Espainiar Estatutik Kataluniara migratutako pertsonek osatzen dute elkartea, eta gaur egun bizi duten prozesuan erabakitzeko eskubidearen alde agertu dira.
Lasarte-Oriako Gure Esku Dagoko kideek adierazi dutenez, "egoera antzekoan diren herritar ugari daude" gure herrian, eta "horiek gonbidatu nahi dituzte bereziki".
Jesus Uzkudunek, CCOO Euskadi sindikatuko kide ohiak ere parte hartuko du hitzaldian.
Kirolariek zer diote?
Martxoaren 15ean egingo dute bigarren topagunea. Kirolari eta kirolaren arloko langileak gonbidatu dituzte gurean euren iritziak parteka ditzaten. Erabakitzeko eskubidearen inguruko hausnarketak partekatuko dituzte, batez ere, haien arloari begirakoak.
Bi lasarteoriatar izango dira gonbidatuen artean: Realeko jokalari Iraia Iparragirre eta Asegarceko pilotari Axier Arteaga. Haiekin batera eztabaidatuko dute Arritxu Iribar kirol kazetariak, Mikel Astarloza txirrindulari ohiak eta Gaizka Garitano futbol entrenatzaileak.
Datorren asteartean arratsaldeko 19:00etan izango da mahaingurua Manuel Lekuona kultur etxeko batzar aretoan.