Urpoloa da horietako bat. Buruntzaldea IKT taldeko eta Eskola Kirola egitasmoko arduradunen xedea honakoa da: gaztetxoei erakustea igeriketaren barnean badaudela hainbat modalitate, eta eurengan horiek egiteko grina piztea. Aipatu dutenez, zehazteke dituzte ordutegiak eta espazioak; instalazioen arduradunekin hitz egin behar dute eta funtzionamendua zehaztu. Igeriketa sinkronizatua lantzea ere ez dute baztertzen.
Larunbateko topaketan 24 gaztetxo aritu ziren, plisti-plasta, Buruntzaldea IKT, Hernani Igeriketa Taldeko eta Ttakun KEko kideen begiradapean, 9:30etik 11:30era. Buruntzaldea IKTri eskerrak eman nahi dizkio Eskola Kirolako arduradun Iñaki Aristondok, “emandako laguntza guztiagatik”.