Aurreikusi baino lehenago itxi behar izan zuten antolatzaileek lasterketan izena emateko epea, dagoeneko banatu zituztelako 5.000 dortsalak. Urtetik urtera gero eta emakume gehiagok hartzen dute parte, korrika egiteko zapatilak soinean; urtetik urtera, gero eta emakume gehiagok burutzen dituzte, Donostiako erdigunean barrena, aldarrikapenerako bost kilometroak.
Kirola izan daiteke generoen arteko berdintasuna eta emakumeen eskubideen aldarria egiteko lanabesetako bat. Hori erakutsi dute gaurkoan Lilatoian aritu diren emakumeek. Bulebarretik irten, erdiguneko zenbait kale zeharkatu eta Bulebarrean bertan helmugaratu dira. Lagun koadrilak, ama-alabak, senideak... 5.000 emakumek osatutako marea moreak hartu ditu hiriburuko kaleak atzo, eguraldi baldintza ezin kaskarragoei aurre eginez –euria egin du goian behean, baita kazkabarra ere–.
104 lasarteoriatar
Herriko 104 emakumek hartu dute parte Lilatoiaren aurtengo edizioan. Goizean goizetik hasi dira Donostiarantz abiatzen; trena hartzea erabaki dute askok. Ane Labaka izan da horietako bat. “Hasi eta berehala, euria kazkabar bilakatu da. Hala ere, giro oso ona egon da lasterketan zehar”, aipatu du helmugaratu eta gero, telefonoz. Maite Salazar izan da herritar azkarrena; 20'57''ko denbora egin du.
Lasterkariei animoak ematera joandakoen kopuru ofizialik ez dago, baina makina bat izan dira gaurko goiza horretan eman dutenak, eguraldi kaskarrari desafio eginez. Txaloak, animo-oihuak, afixak... eskura izan dituzten baliabide denak erabili dituzte ikusleek, aterkia ere eutsi bitartean. Korrikalariek, hala ere, motibazio estrarik apenas behar izaten dute; Lilatoiaren bitartez emakumeen eskubideen aldarriak lau haizetara zabaltzea bada nahikoa akuilu.
Datuek erakusten dute: iaz baino 1.000 lasterkari gehiago aritu dira gaur. Dortsalak proba jokatu baino zenbait aste lehenago agortu ziren.
Hasiera orduarekin kexu
Lilatoia lasterketa 1989an egin zen lehenengoz. 2016ko ediziora arte, goizeko hamaiketan irteten ziren lasterkariak. Aurten, aldiz, ordubete lehenago hasi dira lasterketa, 10:00etan. Donostiako Mugikortasun sailak hartu du erabakia.
Plazandreok talde feministak karta ireki bat idatzi zuen pasa den astean, Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranari zuzendutakoa. “Aurtengora arteko edizio denetan 11:00etan hasi da lasterketa. Ordutegi logiko bat, korrika egitera irten aurretik hainbat gauza antolatu behar izaten dituzten emakumeentzat. Aurten, ordea, ordubete aurreratzea erabaki duzu, lasterketan irteten garenok ez dezagun trafikoa oztopa. Berri bikaina, ardura familiarrak dituzten emakumeentzat”, dio talde feministak.
“Lasterketako giroa berezia da, hunkigarria, parte hartzen duten emakume guztientzat. Jakin nahiko genuke ea Mugikotasun sailak kontutan hartu duen ekitaldian zehar sortzen den giroa, korrika egin aurretik eta ondoren”, aipatzen dute.
Lasterketaren antolatzaileek ere adierazi dute gustatuko litzaiekeela hasiera-ordua 11:00ak izatera itzultzea.
Pala txapelketa ostiralean
Lasarteko Talde feministak eta 'Palan Prest' emakume taldeak erreibindikazioa eta kirola uztartzen dituen jarduera bat prestatu dute ostiralerako: emakumezkoen pala txapelketa. Zehaztu dutenez, Loidibarren frontoian elkartuko dira, 18:00etan. Bikoteak zozketa bidez egingo dituzte. Pilota astintzen aritu ostean, emakumeen afaria egingo dute, Xirimirin, 21:00etan. Hamar euro balio dute txartelek; ohiko tabernetan egongo dira salgai.