Emakumezko erregionalak, garaipenez garaipen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 6a

Ostadar SKTk 1-0 irabazi zion atzo arratsaldean Urnietari, eta azkenaldiko bolada onarekin jarraitzen dute: azkeneko lau norgehiagokak irabazi dituzte jarraian. Igoera fase bikaina burutzen ari da talde urdin-beltza; seigarrenak dira sailkapenean, 16 punturekin.

Denboraldia hasi zenetik, entrenatzaile eta jokalariek behin eta berriro aipatu dute futbolean jokatuz gozatzea dela haien helburu nagusia. Baloiari ostikoak emanez disfrutatzeaz gain, irabazi ere egiten dute asteburu askotan. Liga erregularra hirugarren postuan amaitu zuten, eta Euskal Ligara igotzeko jokatzeko sailkatu. Igoera fase honetan ere ederki ari dira: seigarren postuan da taldea, 16 punturekin. Azkeneko 12ak jarraian irabazi ditu.

Azkeneko hiru puntuak atzo poltsikoratu zituzten Julen Ormazabal eta Iker Artetxek entrenatutako jokalariek, sailkapeneko hirugarren sailkatua den Urnietaren kontra. Emaitzek laguntzen dutenean, jokalarien konfiantzak gora egin ohi du, eta berdegunean hobeto aritzen dira ia beti. Horrela erakutsi zuten herritarrek atzokoan, lehenengo zatian batez ere. Primeran mugitu zuten baloia alde batetik bestera, eta aukera garbienak eurenak izan ziren. Markagailuan aurreratzea ere lortu zuten, atsedenaldira joan aurretik. Irishek sartu zuen 1-0ekoa.

Bigarren zati borrokatua

Norgehiagoka berriro ere orekatzeko asmoz atera ziren urnietarrak Michelingo zelaira, eta haiek izan ziren nagusi aurreneko 15-20 minutuetan. Dena den, kanpoko taldeak ezin izan zuen berdinketaren gola sartu, eta minutu-tarte hori igaro ostean Ostadar bere zelaitik ateratzen eta aukerak sortzen hasi zen berriro ere. Egiari zor, bi taldeek eduki zituzten golen bat gehiago sartzeko abaguneak, baina ez zen gehiago mugitu markagailua.

Atzoko hiru puntuekin, 16 ditu jada talde urdin-beltzak. Hamar partidu jokatu ditu orain arte: bost irabazi ditu, lau galdu eta bakarra berdindu. Datorren asteburuan Zumaiakoren kontra jokatuko dute.