Oteizaren kaxa beltza irekitzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 5a

Jorge Oteiza artistaren ibilbide eta lanetan oinarritutako emanaldia oholtzaratu du gaur arratsaldean Kresala dantza taldeak, Manuel Lekuona kultur etxean.

Bizi izan zen artean, artista gipuzkoarrak hainbat ekarpen egin zizkion euskal kulturari. Hil zen Oteiza, baina hark utzitako ondareak bizi-bizi jarraitzen du gaur egun: poesia eta saiakera sorkuntzak, ikerketa, haurren heziketa estetikoa, asmo esperimentalak, bizi proiektu pertsonalak... Horiek denak aintzat hartuta, 'Oteizaren kaxa beltza' izeneko ikuskizuna sortu dute Kresalako kideek.

Ireki egin zuten kutxa hori gaur arratsaldean, kultur etxean; aretora bertaratu diren ikusle guztiek –lepo egon da auditorioa– gogotik gozatu dute dantza taldeak taularatutako ikuskizunarekin, ordubetez.

Aipatu lana duela ia bi urte estreinatu zuen Kresalak, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ordutik, hainbat aretotan taularatu du emanaldia. Asteburu honetan beste hitzordu pare bat dituzte herritarrek, gaztetxoenek bereziki, kultur etxean bertan. Ostiralean 'Un espíritu Burlón' antzezlana ikusi ahalko dute, 19:30ean; larunbatean, 'Pintto, pintto' lanaz gozatu ahalko dute, 17:00etan.