EH Bilduk agerraldia egin zuen ostiral goizean Lasarte-Oriako zaborra gordetzeko soterratuen egoera kaxkarra salatu nahian.
Azaldu dutenez, azken hilabetetan herritar ugari kezkatu da herriko argitasun faltarekin eta kaleetan ikusi ahal diren arratoiekin.
Mozioa
Astearteko Udalbatzarrean mozioa aurkeztuko dutela adierazi du koalizioak. Lehenik eta behin, soterratuak ixteko beharra ikusten dute arratoiek sortzen dituzten arazo ugariak direla eta.
Erantzun bateratua emateko ahalegina egingo dutela adierazi dute EH Bilduko Pablo Barriok eta Leire Elizegik. Alderdi politiko eta herriko eragileen artean egoera aztertu eta konponbidea ematea proposatuko dute Udalbatzan.
“Soterratuak itxi eta alternatiba adostearekin batera, herritarrok hondakinak birziklatzeko dugun eskubide eta beharra aurrera eramateko bideak” bilatzea eskatuko du EH Bilduk.
Buruhauste ugari
Zaborra botatzeko sistema honek buruhauste ugari sortzen ditu EH Bilduren aburuz. Batetik, ekonomikoak. Izan ere, arratoien arazoa edota matxurak konpontzeak sortzen dituen kostuak handiak dira.
Bestetik, soterratuen inguruan “zikinkeri eta usainak” sortzen dira, “arratoientzat bizileku egokia izateaz gain”.
Konponbide adostua
Esan bezala, erantzun bateratua ematearen beharra nabarmendu dute EH Bilduko ordezkariek.
“Lehenik eta behin, arazoa aztertu beharko litzateke”. Onartu dute “sistema erosoa dela”. Izan ere, zaborra lur azpian gorde eta edozein ordutan atera daiteke.
Hala ere, “sortzen dituen arazoak”, soterratuen sistema gainditzearen aldeko deia luzatuko diete dagoeneko alderdi eta eragileei.
Biharko Udalbatzan eztabaidatuko dute gaia ordezkaritza duten taldeek.