Gimnasio-lana eta arrabola egiten igarotako orduak atzean utzi eta errepidera atera dituzte bizikletak Buruntzazpi eskolako txirrindulariek. Iragan asteburuan ederki astindu zituzten pedalak juniorrek eta kadeteek. Alebin eta infantilak ere aritzekoak ziren, Hondarribian, baina izerditu gabe itzuli ziren etxera; antolatzaileek, eguraldi txarra tarteko, proba ez egitea erabaki zuten.
Juniorrak Eibarko asfaltora irten ziren: Udaberri proba jokatu zuten igandean. Luken Carbayeda izan zen Bazpiko lehena helmuga zeharkatzen; laugarren postua eskuratu zuen. Iñigo Altunak eta Oier Urbizu taldekideak ere bukatu zuten lasterketa.
Kadete mailakoek Donostian hasi zuten errepideko denboraldia: Ibaeta saria jokatu zuten. Asier Ibarbia 19. postuan helmugaratu zen; Manex Altuna, berriz, 24. izan zen.
Hasiera “txukuna”
Bazpi eskolako zuzendaria da Xabier Carbayeda. Errepideko sasoiaren hasiera honela baloratzen du: “Denboraldi hasiera izateko, oso txukun aritu ziren denak; ongi joan zen asteburua. Arazo bakarra izan genuen, kadete mailan: txirrindularietako batek gurpila zulatu eta ezin izan zuen bukatu proba”. Aurtengorako helburuez galdetuta, Carbayedak zita bat dauka gorriz markatua egutegian: Gipuzkoako taldekako txapelketa. Maiatzaren 14an jokatuko da, Irunen. ”Iaz bigarren postua eskuratu genuen alebinetan, ea errepikatzerik dugun”, gogoratzen du. Astebete lehenago, Gipuzkoako Errepideko txapelketan hartuko dute parte, Oñatin.
Hemeretzi txirrindulari ditu eskolak aurten. Horietatik hiru alebinak dira eta sei infantilak. Gaztetxoenak Eugenio Pozok entrenatzen ditu. Kadete mailan ere sei aritzen dira, Xabier Bengoetxearen gidaritzapean; juniorrak Luis Sobejanok prestatzen ditu, lau dira denera. Mutilak dira denak: “Izen-ematea urte osoan dago zabalik; 11 eta 18 urte bitarteko txirrindulariak aritzen dira gurekin. Ea neskaren bat animatzen den!”, dio zuzendariak. Kima masaje zentrora joan behar dute interesatuek.
Formatzea eta gozatzea xede
Buruntzazpi eskolaren xedea da txirrindulariak formatzea, eta bizikleta gainean ari diren bitartean ahalik eta gehien gozatzea. Garrantzitsuak dira lasterketak, noski, baina arestian aipatutako kontzeptuen azpitik daude.
Gaztetxoenei trebatzen laguntzeko, ginkanak eta antzeko jokoak erabiltzen dituzte, eskolako zuzendariak dioenez.
Zabaletako kronoeskalada
Errepideko denboraldia martxan da honezkero, baina egutegia ez dago erabat itxita. Bazpiko zuzendariak aurreratu duenez, kronoeskalada bat ari dira antolatzen, Goiegi jatetxe ondotik hasi eta Zabaletaraino. Data ere buruan dute: San Pedro jaiak. Udalarekin ari dira hizketan, ekitaldiari itxura ematen. “Ez da izango soilik eskolakoentzat; proba herrikoia izatea nahi dugu”.
Udalak ere baditu zenbait ideia buruan. Esaterako, futbol zelai bat eta atletismoko pista bat eraikitzea Atsobakarren, Bazpiko kideak ziklokroserako erabiltzen duten lur-eremuan. “Kirol ikuspuntutik proiektu interesgarria izan daitekeen arren, guretzat ez da oso ideia erakargarria, ziklokrosa zokoratuta geratuko litzatekeelako. Udalak 200 metroko gune bat eraikitzea proposatu digu, baina 2.000 metroko bat beharko dugu gutxienez, baldintza onetan entrenatu ahal izateko. Ea zer bilakaera duen egitasmoak hurrengo hilabeteetan", azpimarratzen du Carbayedak.