Honen bitartez, Lasarte-Oriako Udalak bat egingo du Foru Aldundiak eskaintzen duen laguntza juridiko zerbitzuarekin eta herritarrek herriko Gizarte Zerbitzuen bitartez haien arazoari bide eman ahalko diote.
Jesus Zaballos alkateak aipatu zuenez, Udalbatzarrean onartutako Kaleratzeak Stop plataformaren eskaeraren baitan eskaintzen da zerbitzu hau. Helburua, Lasarte-Oria kaleratzerik gabeko herria izatea.
Baldintzak
Oraingoz, finantza erakundeekin zor hipotekarioa duten eta kaleratze arriskuan dauden herritarrek jo dezakete zerbitzu honetara.
Baina beste baldintza batzuk ere bete behar dituzte Izaskun Oronoz Gizarte Zerbitzuetako teknikariak azaldu modura, herrian erroldatua egotea eta etxebizitza Gipuzkoan egotea, bigarren etxebizitzarik ez izatea, borondate oneko zordun izatea, hau da, langabezian geratu edo dirurik gabe geratzea edo giza-bazterkeria pairatzea.
Alkateak adierazi zuenez, gainera, doako justiziarekin alderatuta, zerbitzu hau erabiliz herritar gehiagok izan dezake aukera haien kaleratzea saihesteko. “Doako justiziak zure kasua begiratzeko IPREM bider bi izan behar duzu, baina kasu honetan IPREM bider bost da, hau da urtean 30.000 euro baino gutxiago irabazten duten herritarrek erabili ahal dute”.
Egitekoak
Baldintza hauek betetzen dituzte herritarrek Udalaren Gizarte Zerbitzuetara jo eta beharrezkoak diren dokumentuak beteko dituzte. Abokatuei dokumentazioa bidali, balorazioa egin eta martxan jarriko zen kasua. Gainera, abokatuekin lehen bilera Lasarte-Orian Gizarte Zerbitzuetan izango litzatekeela aurreratu dute.
Urte bete lanean
Zerbitzuak kasu askotan exekuzio hipotekarioa saihestea lortu duela azpimarratu du alkateak.
Izaskunek azaldu moduan, 2015 urteko maiatzean jarri zen martxan zerbitzua eta Irun, Arrasate eta Berastegiko kasuak landu dituzte.
Jendearen harrera eta emaitza ikusita orain beste herriei gonbida egin die Foru Aldundiak. Lasarte-Oriak bat egingo du.
Herritarrei gonbita
Hau guztiagatik, Lasarte-Oriako Udalak herritarrei haien arazoa Gizarte Zerbitzuetako langileei jakitera ematera gonbidatzen ditu. Izan ere, kasu bakoitza aztertuko baita.
Izaskunek azpimarratu zuenez, “horrek gainera Gizarte Zerbitzuei Lasarte-Oriako kaleratze kasuen mapa bat egitea ahalbideratuko dio. Prozesua juridikoa hasi gabe dutenak edo prozesuan daudenak, baita alokairuetako kasuak ere”.
Izan ere, Lasarte-Orian eta Gipuzkoan orokorrean alokairuen arazoa larria da.Aldundiari egoera jakin arazi diotela eta zerbitzuen eskaintza zabaltzen dutenerako kontuan izango duela aipatu zietela jakin arazi zuten agerraldian.