Lehengo ostiralean, Eusko Jaurlaritza eta Emakunderek Euskadiko publizitate eta komunikazio ez sexistarako Kode Deontologikoa eta honen autoerregulazioa aurkeztu zuten Gasteizen.
Aurkezpenarekin batera, 50 bat komunikabide eta publizitate agentziek Kodearen aldeko haien atxikimendua sinatu zuten Emakundeko lehendakari Izaskun Landaida eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea testigu zirela. Horien artean izan zen Txintxarri aldizkaria ere.
Kodea
Honen bitartez, hainbat konpromiso hartzen ditu aldizkari honek.
Hemendik aurrera, gure albiste eta publizitate tarteetan, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko hainbat puntu izango ditugu kontuan: estereotiporik eta hizkuntza ez sexista ez erabiltzea, indarkeriaren arloko legeei begirunea izan eta indarkeriarik gabeko bizitzaren alde egitea, diskrimizaziorik ez egitea, emakumeak ikusgai egitea edo dibertsitatea erakustea.
Urte eta erdiko lana
Emakundeko Begira Batzordeak, Publizitate eta komunikazio ez sexista erabiltzeko Aholku Batzordeak, bultzatutako kode hau erakunde eta komunikabideen elkarlanari esker eratu da.
Urte eta erdian, modu parte-hartzailean, komunikazioaren eta publizitatearen arloko erakundeek haien proposamenak egin, hauek landu, kontraste prozesua aurrera eraman eta kodea argitara eman da.
Begirak azpimarratzen duenez, publizitate-agentziak eta komunikabideak sozializaziorako eta balioen transmisiorako eta aldaketarako eragile garrantzitsuak gara gure gizartean, funtsezkoak berdintasun-maila handiagoko gizarte baterantz doan iritzi publikoa sortzeko eta horregatik sustatu zuen proiektu hau.
Begira Batzordearen helburu nagusia eduki mediatikoek emakumea ez gaizki tratatzea, ez umiltzea edo mendekotzat ez aurkeztea, eta, era berean, emakumeez eta gizonez ematen den irudia lortu nahi den errealitate sozialarekin bat etortzea da.