Ekintza ugari Emakumearen Nazioarteko egunean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 2a

Emakumearen Nazioarteko eguna ospatuko da datorren asteartean. Hori dela eta, ostiraletik aurrera eta hurrengo asteko igandera arte ekintza ugari antolatu dituzte Udalak eta herriko eragileek. Besteak beste, Biyak Bat-en eskutik egingo dute umoreterapia saioa, eta izena emateko epea gaur bertan bukatuko da. Lehenengo aldiz Berdintasunaren Aldeko Martxa egingo dute 12an.

Martxoaren 8ra begira ekintza ugari eta anitzekin gozatzeko parada izango dute Lasarte-Oriako biztanleek. Udalak eta zenbait eragilek antolatuta, egitarau zabala prestatu dute.

Okendo Zinema Taldearen eskutik ‘Sufragistas’ filmaren zineforuma ikusi ahal izango da ostiraleanManuel Lekuona kultur etxean.

Martxoak 8

Emakumearen Nazioarteko egunez Lasarte-Oriako ikastetxeetako ikasleek erakusketa prestatuko dute Antonio Mercero aretoan.

Euskal emakume garrantzitsuen lana nabarmenduko dute 11:00etatik aurrera bisitatu ahal izango den erakustaldian.

Ondoren, agerraldia egingo dute Okendo plazan 12:00etan. Herritarrak bertaratzeko deia luzatu dute alkate Jesus Maria Zaballosek eta gizarte zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok.

Liburu aurkezpena

Maria Morales idazle andoaindarrak “La consciencia del tiempo” eleberria aurkeztuko du asteartean Emakumearen zentro zibikoan.

Oxforden girotutako istorio erromantiko eta erotiko hau, egileak azaldu duenez, “emakumearen irudiari egindako omenaldia” da. “Norbere espazioan eta gizartean segurtasuna” hartzea bilatzen duena.

Umoreterapia

Biyak Bat erretiratuen elkarteak saio berezia antolatu du datorren asteko asteazkenean. Nagore Vazquez psikologoak gidatuta, jolasa, emozioa eta umorea landuko dituzte.

Umoreterapia tailer honetan izena emateko azkeneko eguna ostiralean da. Beraz, parte harte nahi dutenek azkar ibili beharko dute.

Ipuin kontaketa saioak

Haur eta helduek ipuin kontakizunekin arratsalde atsegina igarotzeko parada izango dute ostegunean.

6 urtetik aurrerako txikientzako Beatriz Egizabal kontalariak “Batak panpinak, besteak superheroiak” ipuina irakurriko du liburutegian.

Helduek, bestalde, kontakizun erotikoak entzungo dituzte hitzaldi aretoan. Ines Bengoak “Hotzikara” ipuina irakurriko die bertaratuko diren lasarteoriatarrei.

Antzerki eta afaria

Lan eta Lan antzerki taldeak Noel Cowarden “Un espíritu burlón” antzeztuko du hurrengo asteko ostiralean 19:30etan Manuel Lekuona kultur etxean.

Sarrerak hiru euroko kostua izango du, eta antzerki taldearentzat izango da bildutako diru guztia. “Urtean zehar lan handia” egiten dutela aldarrikatu dute taldeko kideek.

Ondoren, herri afaria eta dantza antolatu dituzte El Jardin jatetxean. Interesa dutenek Emakumeen Zentro Zibikoan eman beharko dute izena 25 euroren truke.

Berdintasunaren aldeko martxa

Lehenengo aldiz, berdintasunaren aldeko martxa egingo da Lasarte-Orian. Martxoaren 12an, larunbatean, Okendo plazatik aterako dira herritarrak oinez, bizikletaz eta patinez, besteak beste.

Herriari buelta emango diote, plazan hasi eta bukatuz. Zinegotzi Maite Iglesiasek azaldu duenez, bidegorrietatik eta bide errazetatik egingo dute martxa .

Goizeko 11:00etan berdintasunaren aldeko dekalogoa eta bisera banatuko dituzte, martxan jarri aurretik. Ibilaldia amaitzean Donostiako Masaje Eskolaren eskutik masajetxo bat jasotzeko aukera izango dute bertaratutakoek. 

Alkateak herritarrak gonbidatu ditu martxan parte hartzera. Azpimarratu du “antolatzen diren kirol frogetan herritar asko” aritzen dela. Beste motatako jarduera izanik ere, “antzeko erantzuna jasotzea” espero du.

Igandean gorputzak astintzeko parada izango dute lasarteoriatarrek. Zunba maratoia egingo dute 11:00etatik aurrera Okendo plazan. Jakinarazi dutenez, euria eginez gero, Trinketera joango lirateke.

Talde Feministaren egitaraua

Emakumearen nazioarteko eguna baliatuz, berezko egitaraua prestatu du Lasarteko Talde Feministak.

Astelehenean hasiko dituzte ekintzak. Elebeltz Sorkuntza Askerako Topagunean kafe tertulia egingo dute dituzte arratsaldeko 19:00etan.

Zortzian, aldiz, Donostian egingo den manifestaldira joateko deia luzatu dute Talde Feministako kideek. 19:30etan hasiko da Bulebarretik.

‘El test de la vida’ dokumentala proiektatuko dute asteazkenean arratsaldeko 19:00etan Elebeltzen. Ondoren, “identitate ez normatiboen” inguruan arituko dira solasean Amets Jordan Arrietarekin.

Hilaren 10ean, ostegunean, Okendon dantzarekin gozatzeko parada egongo da. Kukukak saioa egingo du 19:00etan. Jarraian, poteo feminista izango da herriko tabernetatik.

Kirolari ere tartetxo bat eskaini diote Talde Feministako lagunek. Ostiralean pala txapelketa jokatuko Loidibarrengo frontoiean. ‘Palan prest’ emakume taldeak jakinarazi du bikoteak zozketa bidez egingo dituztela bertan.

Pilota astindu ostean afaria egingo dute Xirimiri elkartean, 21:00etatik aurrera. Txartelak herriko tabernetan jarriko dituzte salgai hamar eurotan.

Elikadura eta minbizia

Semblante Andaluz elkarteak ere Emakumearen Nazioarteko Egunari begirako ekintzak antolatu ditu.

Hilaren 11ean “Elikadura eta minbiziari” buruzko hitzaldia eskainiko du Mabel Arciniega doktoreak. Debagoieneko larrialdietako medikua da, eta osasunari eta jakiei buruz gogoeta egin araziko die bertaratutakoei.

Ondoren, 21:00etatik aurrera, afaria egingo dute elkartean bertan. Indarra hartu ostean dantzari ere tartea utziko diote.