Lanbidek Kaltetutakoen Plataformarekin hitzarmena sinatuko du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 29a

Lasarte-Oriako Udalak 3.000 euroko diru-laguntza emango dio Lanbidek kaltetutakoen plataformari, eta lokal bat ere utziko dio astean ordu batzuez, DBE Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren okerreko ordainketaren arazoa pairatu duten herritarrei laguntzeko. Udaleko Gizarte Zerbitzuen batzordea txostena erredaktatzen ari da; "laster" sinatuko dutela aurreratu du Lourdes Acevedo batzorde-buruak. Agerraldian nabarmendu dutenez, Udala "aitzindaria" da horrelako akordio bat sinatzen.

Lasarte-Oriako Udaleko zein Lanbidek Kaltetutakoen Plataformako hainbat ordezkarik prentsa-agerraldia egin dute gaur eguerdian, udaletxe berriko bilera-gelan. Elkarlan hitzarmen baten berri eman dute; aurreratu dute sinatzear dutela. 

Udalak 3.000 euroko diru-laguntza emango dio plataformari, eta lokal bat ere utziko dio astero-astero, ordu batzuez, DBE laguntzaren okerreko ordainketagatik kaltetuak izan diren familia lasarteoriatarrei laguntzeko. Jesus Zaballos alkateak azaldu duenez, familia horiek Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo beharko dute aurrena. Gizarte langilearekin euren kasua aztertu ostean, plataformara bideratuko dituzte familiak; laguntza eta aholkularitza juridikoa jasoko dituzte eta eman beharreko urratsen berri ere izango dute. Lasarte-Orian erroldatuta egon beharko dute familiek laguntza jaso ahal izateko.

"Eusko Jaurlaritzaren Lanbide zerbitzuak gaizki egin ditu DBE laguntzaren hainbat ordainketa, azken urteotan. Familia askok zor handiak dituzte orain; diru asko bueltatu behar dute, eta askok ezin dute. Erantzuleak, baina, ez dira haiek, Lanbide bera baizik. Udalaren eskumena ez den arren, afera horretan esku hartzeko beharra ikusi du, pertsona asko egoera babesgabe batean geratu baitira okerreko ordainketa horien ondorioz", azaldu du Zaballosek.

"Laguntza pozoitsuak"

Plataformako kide Vicky Molinak "laguntza pozoitsuak" terminoa erabili du, DBE laguntzen "okerreko ordainketen" afera azaltzeko: "Gizarte laguntza batetik horrenbesteko arazoak eta zorrak sortzea pentsaezina zen guretzat". 

Patxi Lopez (PSE-EE) lehendakari zenean -2009. eta 2012. urteen bitartean- hartu zuen Lanbidek DBE laguntzak kudeatzeko ardura. Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Zerbitzuen sailburuak erabaki zuen eskumen aldaketa egitea: udaletxeetako gizarte zerbitzuek kudeatzen zuten ordura arte. Josean Gonzalez de Sampedro da plataformako kideetako bat. Haren hitzetan, Lanbidek ez dauka "behar beste gaitasunik" gai hori kudeatzeko: "Paper mordo batekin egin zuten topo, eta laguntzak nahi bezala hasi ziren banatzen, beharrezko irizpideak aintzat hartu gabe. Horren ondorioz, hainbat pertsona geratu dira orain babesik gabe, eta zor ikaragarri altuekin".

Gaurko agerraldian aditzera eman dutenez, "ehunka eta milaka euroko zorrak" dituzte familia askok. Gaineratu dute Euskal Herrian "80.000-90.000 familia inguruk" pairatzen dutela "DBE laguntzaren okerreko ordainketaren arazoa". 

Plataformako kideek hiru kasu jorratu ohi dituzte. Batetik, aurreikuspenarena. Hau da, saiatzen dira familiek ez galtzea DBE laguntza hori, horretarako neurriak landuz. Beste hainbat alditan, "itzulpen-kuota bidezko bat" negoziatzen dute, DBE oker ordaindu zaien pertsonek zorra kitatzeko aukera izan dezaten. Azkenik, saiatzen dira laguntza hori berreskuratzeko formulak bilatzen, dagoeneko diru hori jasotzen ez duten familiekin. 2014an hasi zen plataforma arazo hori izan zuten familiekin lanean.

Lanbideren "irizpide kontrajarriak"

Molinak ohartarazi du Lanbidek "irizpide kontrajarriak" erabiltzen dituela familiei dirua bueltatzeko eskatzerakoan: "Lanbidek eskatuta, DBE laguntza gaizki ordaindu zaienek dirua itzuli behar duten kasuetan, lau urtera preskribitzen du kasu bakoitzak. Prozesua alderantzizkoa bada, urte batera. Ez da bidezkoa".

 Eusko Jaurlaritzak kasu hauek tratatzeko erabiltzen duen jurisdikzioa ere salatu dute plataformako kideek. "Gasteizera joan behar izaten dugu salaketa jartzera; hori da gure aukera bakarra. Gure iritziz, Bizkaian eta Gipuzkoan ere eduki beharko genuke horretarako aukera", zehaztu dute. 

Eskakizun bat ere egin dute Molinak eta Gonzalez de Sampedrok: gainontzeko herrietako udalei galdegin diete hitzarmenarekin bat egitea. Eskerrak eman dizkiote Lasarte-Oriakoari: "Aitzindari izan zarete gisa honetako akordio bat proposatzerakoan". 

"Oinarrizko eskubidea"

Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak zehaztu duenez, batzordea harremanetan jarri zen Lanbiderekin orain dela hilabete batzuk. "Eusko Jaurlaritzak DBE laguntza jasotzeko aukera galarazi die hainbat familiari, baina ez ziguten horren berri eman. Pertsona asko daude oso ataka zailean, inolako babesik gabe; diru hori ez dute jasotzen, eta zor handiak dituzte pilatuta, DBE laguntzaren okerreko ordainketak egin dituelako Lanbidek", adierazi du.

Gaineratu du "oinarrizko eskubide" bat dela DBE laguntza, familia askok "bizirauteko" behar duten dirua lortzeko bidea: "Euren etxebizitzatako alokairua edota argiaren eta uraren fakturak ordaintzeko, elikagaiak erosi ahal izateko... erabiltzen dute diru hori. Iturri hori ixten badie Jaurlaritzak, egoera babesgabe batean geratzen dira; egoeran esku hartu behar dugula uste dugu, eta familia horiek lagundu, ahal dugun guztian".