Urtetik urtera asko ari da hobetzen Kazkabarra taldea. Zenbakiek ez dute gezurrik esaten: ligan bosgarren geratu ziren iaz, eta kopatik kanpo. Aurten, hirugarren postuan bukatu dute liga, eta koparako txartela lortu dute.
Izotz hockey talde horren hainbat ezaugarri, ordea, ezin dituzte esplikatu zifra hotzek. Jokalarien erdiak Donostian entrenatzen dute; Gasteizen besteek. Asteburuetan bakarrik aritzen dira denak elkarrekin: partidetan.
Otsailaren 20an ere jokatu zuen Kazkabarrak. Norgehiagoka ez zen izan nolanahikoa: Valdemoron (Madril) aritu ziren, Espainiako Kopako finalerdietan.
David, Goliaten aurka
Majadahonda taldearen kontra neurtu zituen indarrak Kazkabarrak. Talde madrildarrarena izan da emakumezkoen izotz hockeyaren hegemonia azkeneko zortzi urteetan: liga eta kopa irabazi ditu denetan. Bi titulu denboraldiko. Urte kopuru hori bera darama Kazkabarrak elitean. David eta Goliat aurrez aurre.
Ez David, ezta Goliat ere. Lorena Zabala da Kazkabarraren kapitaina. Lasarteoriatarra da, eta defentsa postuan jokatzen du. Majadahondaren kontra aritu zen bera ere: “Partida oso ona jokatu genuen; markagailuan aurretik ere jarri ginen, baina galdu egin genuen azkenean”, azaltzen du Zabalak. 6-4 irabazita, Majadahonda sailkatu zen finalerako, baina ez zuen kopa irabazterik izan berriro; Bartzelonako Ice Blue Cats taldeak altxa zuen garaikurra, 3-0 irabazita.
“Esperientzia bikaina”
Zirrara handiz bizitu zuten Kazkabarrako jokalariek kopan estreinekoz aritu izana: “Esperientzia bikaina izan da; harmailak beteta zeuden, zaleek etengabe animatzen zuten”, aipatzen du Zabalak.
Gogotik egin behar izan dute lan esperientzia hori bizitzeko. Espainiako Liga hirugarren postuan bukatu dute; zortzi partida irabazi dituzte eta lau galdu. Hori dena, arestian aipatutako baldintzetan: taldekide erdiek Donostian entrenatzen dute, Izotz Jauregian, gauerdira arte. Beste erdiak Gasteizen aritzen dira. “Guk esan ohi dugun bezala, partidak dira gure entrenamenduak; asteburuak dira aukera bakarrak denak batera aritzeko”, dio kapitainak.
“Egunero-egunero hobetzea” dute xede Kazkabarrako jokalariek, Zabalak zehazten duenez: “Kopan nabaritu dugu aldea Majadahonda eta gure artean; patinatzeko era, jaurtitzekoa, jokatzekoa... Oraindik asko ikasi behar dugu”.
Denboraldia bukatu dute dagoeneko, baina lan-saioak egiteari ez diote utziko. Gero, uda partean, izotzeko patinak gurpildunengatik ordezkatuko ditu herritarrak; hainbat txapelketatan hartuko du parte. Izotz edo gurpil, horrek ez du ardura, hockeyean aritzeko bada.