Erkidegoari goratzarre

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 29a

Semblante Andaluz elkarteko kide eta lagunek ederki ospatu dute asteburuan XXIII. Andaluzia Erkidegoko eguna. Ostiraletik igandera jai giroa izan da nagusi elkartean.

Ostiralean, elkarteko kide, lagun eta udal ordezkariek ohorezko ardoarekin eman zieten hasiera ospakizunei.

Aurretik, zuzendaritza aldaketa izan zenez, lehendakari ohia den Jose Maria Melladok ongi etorria egin zien guztiei. Jarraian, Juanjo Iñigo lehendakari berriak hurrengo urteko 25. urteurrenari begira lan egingo zutela azpimarratu zuen.

Jarraian, luntxa egon zen  Semblante Rociero abesbatzak eta Zambra dantza taldeak girotua.

Dantza eta musika

Larunbata arratsaldean, dantza eta musika izan ziren nagusi elkartean.

Elkarteko Gitanillos del Alba, Duende Flamenco, Azabache eta Zambra dantza-taldeak oholtza gainean izan ziren, baita Donostiako Ama Guadalupe Extremadura etxeko koru eta dantza taldea ere. Semblante Rociero koruaren emanaldiak eman zien amaiera emanaldiei.

Andaluzia eguna

Igandean, Andaluzia Erkidegoko XXIII. egunean, goiz eta arratsalde izan zen jai giroa.

Arantzazuko Ama parrokian elkartu eta Semblante Rocieroren eskutik meza rozieroa izan zen. Baina koruaz gain, Gitanillos del Alba taldeko txikiek ere dantzatu zuten elizkizunean.

Bazkal orduan, elkartean agintari, lagun eta kideei harrera egin ostean, Andaluzia Erkidegoko ereserkia abestu zuten. Koruaren hotsak jarraituta kantu egin zuten eta amaitzean, guztiak mahaiaren bueltan bildu eta ederki bazkaldu zuten.

Arratsaldeko zazpietan Amigos del Sur taldearen musikaz gozatu ahal izan zuten eta gorputza mugitzeko aukera ere izan zuten herri dantzaldiari esker.
Hau amaitzean, 21:30ak aldera, ospakizunei amaiera eman zizkieten.

Ospakizunetako hainbat irudi argazki galeria eta bideotekan.