Ostegunetik Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren bandera da ikusgai Udaletxeko balkoian. Herritar askok harrituta begiratu dute egun hauetan bandera hori.
SEAD aldarrikatu zeneko 40. urteurrenaren ospakizunetako aurrekari izan da Udalak herrialde honetako bandera jartzea. Izan ere, Saharako Lagunak taldeko kideen ekimenez, otsailaren 10ean Udalbatzarrak aho batez onartutako puntuetako bat izan zen hori.
Elkarretaratzea
Honetaz gain, taldeak egitarau berezia antolatu zuen larunbaterako.
'Maroko Saharatik at, independentzia' lelopean elkarretaratzea egin zen Okendo plazan.
Taldeko kideak, herritarrak eta udalbatzar kideak bildu ziren honetan eta erreferenduma eskatzearen alde agertu ziren.
Saharar kanpamentuak
Bestalde, saharar errefuxiatuen egoera ezagutu ahal izan zen Antonio Mercero gunean jarri zen argazki erakusketari esker.
Garikoitz Lasa donostiarrak, batez ere, Smarako kanpamentuan ateratako irudiak egon ziren ikusgai. Gure herrian bizi diren sahararrek azalpenak eskaini zizkieten honetara hurbildu ziren herritarrei.
Elurtza tabernan, aldiz, Saharari buruzko dokumentalak ikusi ahal izan ziren. gainera, sahararrek prestatutako teaz ere gozatu ahal izan zuten.
Erreferenduma
Suitzako talde batek bultzatuta, Mendebaldeko Saharan erreferenduma egiteko kanpaina berri bat abiarazi da eta honekin bat egin du Lasarte-Oriako taldeak.
Helburua 2017. urtea amaitu aurretik galdeketa egitea da. Atxikipenak hatza urdinez margotzen adierazten da.