Kultur ekintza anitza dute lasarteoriatarrek martxoari begira. Zinemarekin, antzertkiarekin eta ipuin kontalariekin gozatzeko parada izango dute, besteak beste.
Zinema
Haurrei eta helduei zuzendutako filmak ikusi ahal izango dira Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan.
Nazioarteko Emakumeen Eguna dela eta, Okendo Zinema Taldeak ‘Sufragistas’ lanaren zine-foruma egingo du hilaren 4an 22:00etan. Aste horretako igandean berriro ikusi ahal izango da 19:30etan.
Haurrei zuzendutako ‘Koko Dragoi Txikia’, ‘Zootropolis’ eta ‘Pesadillas’ emango dituzte 6ean, 13an eta 20ean arratsaldeko 17:00etan.
‘Bendita Calamidad’, ‘45 segundu’ eta ‘La Gran Apuesta’ ere proiektatuko dituzte. Lehena bitan, 12an eta 13an, eta beste biak 18an eta 20ean.
Antzerkia
Txikienek ‘Pintto Pintto’ antzezlana ikusi ahal izango dute 12an.
Bestalde Kukukak 18an antzerki topaketak antolatu ditu. Bai kalean baita kultur etxean ere emanaldiak egongo dira.
Martxoaren 8a baliatuz ‘Un espíritu burlón’ antzeztuko dute 11ean. Halaber, bezperan, umeentzako ipuin kontalaria egongo da liburutegian. Nagusiek, berriz, ipuin erotikoak entzungo dituzte hitzaldi aretoan.
Musika, dantza eta artea
Kresala Dantza Taldeak ‘Oteiza Kaxa Beltza’ emanaldia eskainiko du 5ean kultur etxean, XII. Dantza Zirkuitoaren barnean.
Musikeneko ikasleek osatutako hari-instrumentu talde baten kontzertua egongo da 18an.
Berpizkundeko artearen maitaleek 19an edukiko dute zita kultur etxean, ‘Florentzia eta Uffizi galeria’ proiekzio digitala emango baitute “definizio oso altuan”.