Eskualdeko hainbat herritako errausketaren kontrako mugimenduek ere egingo dute martxa. Hortaz, edonondik abiatzen direla ere, eguerdiko hamabiak aldera iritsiko dira denak Letabidera. 'Burua duenak ez du errauste plantarik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi' da martxaren filosofia, antolatzaileen esanetan.
Hitzaldi jendetsua
Igandekoa ez da izan Aire Garbia plataformak antolatutako ekitaldi bakarra. OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko bi kidek, Iñigo Suberbiolak eta Maialen Berridik, 'Errausketa eta Osasuna' hitzaldia eskaini zuten Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan.
Herritarrek ez zuten hutsik egin, eta lepo bete zen aretoa asteazkenean. Lasarteoriatarrez gain, inguruko herrietako hainbat pertsona ere bertaratu ziren ekitaldira.
Hainbat ikerketa aztertu ostean -2004 eta 2015 bitartekoak-, konklusio-sorta bat atera dute OEIT osatzen duten medikuek. Besteak beste, ondorioztatu dute errauste planta batetik gertu bizitzeak -hamar kilometro inguruko erradioan- hainbat osasun arazo pairatzeko probabilitateak igo egiten dituela, minbizia kasu.
Asteazkeneko hitzaldia hainbat zatitan banatu zuten bi medikuek: OEIT ikerketa taldearen metodologia, errauste plantak atmosferara zein motatako isuriak igortzen dituen, errausketak eragin ditzakeen osasun arazoak, instituzioei eskatzen dietena eta ondorioak.
Amaitu aurretik, herritarrek euren kezka eta galderak partekatu zituzten hizlariekin.
Norbaitek OEITrekin harremanetan jarri nahiko balu, Facebook orrialdea bisitatu dezake edo, bestela, geisoeit@gmail.com helbide elektronikora idatzi.