Elebeltzi babesa eskaini zioten herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 26a

Ostegunean, Elebeltz Sorkuntza eta Eztabaida Askerako Topagunearen aldeko oihuak entzun ziren gure herriko kaleetan.

''Elebeltz aurera” lelopean hainbat izan ziren plataformarekin bat egin zuten gazte eta herritarrak eta Lasarte-Oriako kaleetatik barrena topaguneari haien babesa eskaini ziotenak.

Komunikatua

Okendo plazara iraistean, Elebeltzen izenean otsailaren 10eko Udalbatzarrean alkateak esandakoari erantzunez manifestua irakurri zuten.

Honetan bere kezka agertzen du udalbatzarrean entzundako adierazpenekin.

Elebeltz Multimusikala eta herriko beste mugimendu kulturalekin nahasteak alkateak gazte dinamika eta herri mugimenduen inguruko ezjakintasun larriaren adierazle dela azpimarratzen du.  “Ekintza musikaletaz gain, sorkuntza eta eztabaida askerako gune ere bada, inongo alderdi edo korronte, marka edota ekita zehatzak lotesle izan gabe.” 

Alkatetzak aipatutako legezkotasunaren harira, “ez da inongo momentuan planteatu bete beharreko lege hori justua den eta herriko kultur ekintzaileentzat zein ondorio dituen. Are gehiago, ez da inongo momentuan legea betetzeko dauden modu ezberdinetaz hitz egin,” adierazten du.

Honetaz gain, Alkateak Madrid Arenarekin alderatu zuen Elebeltz. Topagunea irabazi asmorik gabeko proiektua dela azpimarratu eta kritikotasuna bultzatu eta “kultura negozioa baino, oxigeno gisa planteatzen” duela gogora ekartzen dute.

Lasarte-Orian Udala eta gazteriaren arteko harremana ere aipatzen da. “Espazio aske eta autogestionatuen kontua hiru hamarkadetan zehar ezistitu den aldarrikapena da, udalaren kolaborazio ezaren ondorioz normalizatzea ezinezkoa izan dena”. Honen harira galdera bat ere egiten dio Udalari, “zergatik ez da inoiz ekin gazteriarekin batera espazio autogestionatu bat lortze bidean udalaren tutelarik gabea?”.

Era berean, Elebeltz udalaren eredu ofizialak herritarren  jardun kultural eta sozialak astzeko nahikoa espazio erabilgarri jarri ez izanaren ondorio dela azpimarratzen dute, Gaztelekua edota Kultur Etxearen aukerak mugatuak direla aipatuz.

Elebeltzek elkarrizketarako jarrera azaldu beharrean trabak ezarriz eredu ofizialarekin bat egiten ez dutenak baztertueta eredu bakar eta mugatua bulzatzen duela salatzen du.


Hau guztiagatik, herritarrak gonbidatzen ditu Elebeltzera hurbildu eta haien proposamenak egitera.