Ostadar Antonio Aroztegiaren berebiziko garaipena Egintzaren aurka (3-1)

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 26a

Urrezko hiru puntu eskuratu zituen Josean Jimenezen taldeak pasa den larunbatean, Billabonako Egintzaren aurka. Sailkapenaren beheko aldean dira bi taldeak; asko zuten jokoan, beraz. Etxekoek erdietsi zuten garaipena azkenean, 3-1. Hamazazpi puntu dituzte orain; tartea ireki dute sailkapeneko azken bi postuekin.

Hobeto ekin zion norgehiagokari kanpoko taldeak: seigarren minuturako aurretik zihoan markagailuan. Handik gutxira sartu zuten berdinketaren gola urdin-beltzek, Arkaitz Merinoren jaurtiketa baten bitartez.  

Bigarren zatian nagusi izan zen Ostadar baina amaierako minutuak iritsi arte ezin izan zuen aurretik jarri. Ander Pecharroman eta Dani Vidaurretaren golei esker zakuratu zituzten hiru puntuak herritarrek. Hamazazpi dituzte orain.

Gipuzkoako ligan ari diren bi taldeek, ISU Leihoak (1go mailan) eta Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek (2. mailan) ere irabazi egin zituzten euren partiduak. Lehenengoek 1-3 hartu zuten mendean Irudek Barrantol, eta hirugarren postuan segitzen dute. Bigarrenek lider izaten jarraitzen dute, gero eta alde handiagoz: zazpi puntura dute bigarren sailkatua, Anoeta FT. Azkenik, jubenil mailako Lasarte Kafe Bar Ostadar taldeak galdu egin zuen Anoetaren aurka (5-8).