Nagusiek atseden hartzeko eremuak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 26a

Tratu On Bat ekimenaren helburua Lasarte-Oriako merkataritza zerbitzua hobetzea da. Herriko nagusiek ilarak hobeto jasateko helburuarekin aulkiak jartzea bultzatuko dute herriko saltokietan. Balderdi harategiak, esaterako, bat egin du jadanik egitasmoarekin. Beste merkataritza guneei ere luzatuko zaie gonbidapena gaurtik aurrera.

Ostegun goizean aurkeztu zuten Tratu On Bat ekimenaren barneko egitasmo berria. 

Oraingoan Lasarte-Oriako nagusiei zuzendutakoa da. Izan ere, denda eta merkataritza gune asko ez daude haientzako egokituta.

Horri aurre egin nahian aurkeztu du egitasmo berria Lasarte-Oriako Udalak Tratu On Bat markak lagunduta.

Merkataritza guneak gonbidatu dituzte euren lokaletan aulki eta eserlekuak jartzera. Hala, ilaretan zutik itxaron beharrean, atseden hartzeko lekua edukiko dute.

Pegatina bidezko sistema

Alkate Jesus Maria Zaballosek azaldu duenez, egitasmoarekin bat egiten duten komertzioei pegatina bi emango zaizkio dohainik. Bat kanpoan ipini beharko dute, eta bestea barnean. Modu honetan, edonork ikus dezake non ezarri den sistema berria. Bai kaletik, baita lokal barnetik ere.

Azaldu dutenez, “Lasarte-Oriako populazioa zaharkitu da, eta haiek egiten dituzte gehienbat erosketak”. Beraz, horren ondorioz sortutako erronkei aurre egin behar zaiela uste du alkateak.

Gonbidapena

Balerdi harategian egin zuten atzo aurkezpena. Izan ere, haiek izan dira atxikitzen lehenak.

Harategiko arduradun Juan Bautista “pozik” azaldu da egitasmoan parte hartzeko “aintzat hartu” dituztelako.

Halaber, “nagusien ongizatean laguntzea plazera” dela azpimarratu du.

Hurrengo egunetan Lasarte-Oriako merkataritza gune guztiei luzatuko zaie proiektuan parte hartzeko gonbidapena.

Zaballosek nabarmendu du “pegatinak Udalak zabalduko dituela” eta, trukean, saltokiek “eserleku edota nagusiek atseden egiteko moduko aulkiak” jarri beharko dituztela.

Ahalik eta denda gehienek proiektuarekin bat egitea nahiko luke Udalak. Izan ere, “herritarrek eskatutako” zerbitzua dela ohartarazi dute.

Tratu On Bat

Herriko merkataritza indartzeko helburuarekin sortu zen Tratu On Bat marka.

Egitasmo ugari abian jarri dituzte orain arte. Herriko saltokietan, tabernetan eta bestelako merkataritza guneetako eskaintzak biltzen dituen webgunea sortu zuten, esaterako.

Bestalde, ‘Lasarte-Oria Biziberritzen’ ekimena sustatu zuten, hutsik dauden lokalak berpizteko. 

Zenbait saltokiek lokal hutsetako erakusleihoak bete zituzten euren eskaintzekin. Bi helbururekin egin zen. Batetik, herriko merkataritza eta zerbitzu guneek euren lana sustatzeko eta, bestetik, urteetan hutsik egon diren lokal horiek txukuntzeko. 

Ahal balitz, horietan ere saltoki berriak sortzeko aukera ere bada.

Lasarte-Oriako ekonomia sustatze bidean tresna garrantzitsua da Tratu On Bat, eta aurkeztu berri duten proiektua, urrats berri bat.