Lasarte-Oriako Saharako lagunak taldeak aurten Oporrak bakean ekimenari bultzadatxo bat eman nahi dio. Hori dela eta, atzo prentsaurrekoa eskaini zuen udal ordezkari eta hainbat lagunekin batera.
Xedea herritarrek udan etxean haur saharar bat hartzea.
Izan ere, elkarteko kideek azaldu zutenez, “badakigu hamar urte bete dituzten 500 bat haurrek oraindik ez dutela kanpamentuetatik ateratzeko aukerarik izan eta behintzat behin ateratzea da Oporrak bakean proiektuaren helburuetako bat”.
Hiru ardatz
Taldeko kideek ekimenaren helburua hiru ardatzetan laburbildu zituzten agerraldian.
“Alde batetik uda gure artean pasatzea benetan langungarria da haien osasunarentzat. Han eskuragarri ez dituzten osasun-azterketak egiten zaizkie hemen; gainera elikadura osatuagoa eta orekatuagoa eskaini diezaiekegu gure artean bi hilabete pasatuz gero. Ez hori bakarrik: udan kanpamentuetan tenperatura 50 gradutik gorakoa da askotan, beraz, bizi baldintza gogor horri aldi baterako irtenbidea ematen zaio”.
Bestetik haur sahararrak basamortuan dagoen errefuxiatu kanpamentuetan jaio direnez, “ez dute ezagutzen beste errealitaterik. Gurera etorrita kultura, hizkuntza, balore eta esperientzia berriak bizitzeko aukera ematen diegu haurrei”, aipatu zuten.
Azkenik, familiek haur saharar bat hartzean beste kultur bat ezagutzeko aukera dutela azpimarratu dute, “horrekin familia barruan laguntasuna, ezkuzabaltasuna, elkarbizitza eta tolerantziaren baloreak sustatzen ditu umeak familiako kide guztien artean”.
Elkarteko kideek azaldu dutenez, Gipuzkoan iazko haur kopurua berdintzeko 32 familia behar dira eta arestian aipatu legez, 500 haur ez dira oraindik kanpamentuetatik inoiz atera.
Horregatik, aurten haur saharar bat hartzera animatzen dituzten lasarteoriatarrak.
Hitzaldia
Animatu daudenei zuzendutako hitzaldia eskainiko da martxoaren 3an, 18:30ean, Villa Mirentxuko ekitaldi aretoan
Honetan Oporrak bakean proiektuari buruzko azalpenak eskainiko dira, hala nola, laguntzak, Udako Txokoetan haurren parte hartzea edo igeriketa ikastaroa.