Berrikuntza soziala ardatz duen dinamika iraunkor bat sortzea eta eragileen arteko artikulazioa hobetzea. Horiek dira Donostia-Beterri eta Urola Erdiko eskualdeek abian jarri duten Urberritzen egitasmoaren xede nagusiak. Iaz hasitako Beteberritzen proiektuaren segida da. Zenbait eragilek prestatu dute: Urola Erdiko Berrikuntza eta Garapen Agentziak eta Elhuyar Aholkularitzak, hain justu. Diruz lagunduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Urberritzen ezagutzera emateko, lau topagune egingo dituzte antolatzaileek. Lehenengoa, bihar, Hernaniko Gabriel Zelaia eraikinean. 10:00etan hasiko da eta 13:00ean bukatu. Proiektua aurkeztuko dute, eta bi kasu praktikoz hitz egin: Azaro Fundazioarena eta Bagara Elkartearena. Saiora joateko, beharrezkoa da izena ematea, enpresa@andoain.eus helbidera idatzita edo honako bi telefono zenbakitako batera hots eginda: 688 684 956 edo 688 685 586.
Proiektua otsailetik ekainera bitartean garatuko da. Otsailetik maiatzera, eskualde bakoitzak bere prozesua izango du, eta, maiatzetik aurrera, bi eskualdeek bat egitea da asmoa, eskualdeen arteko harremanak eta esperientziak landu eta partekatzeko.