Erakustaldia eman zuen Ohorezko B mailako Babyauto Zarautzek, larunbat arratsaldean, Zarauzko Asti zelaian. Valladolideko El Salvador B taldearen aurka aritu ziren Fran Puertasen jokalariak; jaun eta jabe izan ziren etxekoak, hasi eta buka. 76-12 irabazi zuten eta multzoko lider izaten segitzen dute.
Seniorren Euskal Ligan ari den Lavie ZRT-Beltzakek ere garaipen argia erdietsi zuen larunbatean, Irungo Zaisaren kontra: 42-7. Hurrengo faserako sailkatu da taldea, liga bigarren postuan amaituz.
Senior taldeekin hainbat herritar aritu ziren larunbatean: Andoni Amonarriz, Xabier eta Ander Rekondo, Julen Aristorena, Xabier Prieto, Beñat Arroyo eta David Vega.
Gaztetxoenak ere ederki
Lavie ZRT-Beltzakeko 14 urtez azpiko neska-mutilek erakustaldia eman zuten Michelinen, larunbatean. La Riojaren aurka neurtu zituzten indarrak gaztetxoek; 40-12koa izan zen markagailua bukaeran.
Azkenik, 16 urtez azpikoe Gure Txokoa Beltzak taldekoek 50-17 garaitu zuten Arabako Gaztedi taldea.
Asteburuko agenda
Emaitza bolada onari jarraipena eman nahi diote Beltzak taldeek asteburu honetan. Ohorezko B mailako Babyauto Zarautzek Astin jokatuko du berriro ere, Eibarren kontra. Larunbatean ariko dira bi taldeak, arratsaldeko lauetan.
16 eta 18 urtez azpiko taldeek Atletico San Sebastianen aurka neurtuko dituzte indarrak larunbatean, 15:00etan eta 16:10ean, hurrenez hurren.
Azkenik, errugbi eskolako gaztetxoak Iruñera joango dira igandean, errugbi topaketan parte hartzera 10:30etik aurrera.