Rosat eta Ruti hirukoaren kontzertua Atsobakar egoitzan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 24a

Atsobakar zahar etxeko egoiliarrek eta hauen senideek Rosat eta Ruti hirukoaren musikaz gozatzeko aukera izango dute igandean, 11:00etatik aurrera.

Carlos Rosat flauta jolea, Tomas Ruti Vilar biolin jolea eta Tomas Ruti Parra fagot joleak osatzen dute. Hirurak irakasleak dira, Rosat eta Ruti Parra Euskadiko Orkestra Sinfonikoan eta Ruti Vilar Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionalean.

Moldaketak

Hirukoak klasizismoko eta erromantizismo musikari handien doinuak hurbilduko dizkiete Atsobakarreko lagunei. Haydn Sol Maiorren dagoen 3. hirukoa, Beethovenen 'Lá ci darem la mano' lanaren moldaketak, flauta eta biolinarentzat  egindako Deviennen Ariaren moldaketak edo Stamitzen Sol Maiorren dagoen hirukoa eskainiko dituzte.

Ez da lehen aldia gure herrian hirurek batera jotzen dutena, Danok Kideren Musika Topaketen barruan hainbat alditan parte hartu dute azken urteetan. 

Danok Kide elkartearen laguntzaz antolatutako kontzertua da hau.